Euskal etxea

Euskal etxeek maiz mahats aienez beteriko balkoiak dituzte, eta aitzinaldea kasik beti sortaldera begira. Ongi eraikiak dira, handiak eta urteko bestak hurbiltzen direlarik gixuz xuritzen dituzte. Hortaz, landaretza azkar baten berde sakonaren aitzinean ederki ageri dira. Fruitu-ondoz, liliz, barazki bikainez eta bereziki biperrez jositako baratzeak. Biperra anitz erabiltzen dute. Eta usu sagardi eta mahastiak dituzte etxe inguruan; oihanek, bazkalekuek eta iratzeek, baita laborantza lurrek etxaldea osatzen dute (jabegoa). Seme premuak edo alaba primak gurasoengandik jasoko duten etxaldea. Ohitura hau oraindik indarrean da.

Itxura eta jantziak

Euskal populazioa ez da ederra soilik, badu gainera beste inon aurkitzen ez den tipo berezia. Gizonak gehienetan handiak eta ongi eginak dira; begitarte erregularra dute, beren fisionomiak, mugikortasun handikoa, adimena, bizkortasuna eta ausardia adierazten ditu; planta harro eta maiestatezkoa dute; gorputza nekez loditzen zaie, beren gorputz-adar gihartsuek indarra adierazten dute eta ibilerak trebezia aparta.

Jantziak sinpleak, dotoreak eta pitoreskoak dira: galtza zabalak daramatzate lehengo galtza-motzen ordez; jaka bat, lehen gorri kolorekoa zena eta orain galtzak bezalako belusez, edo oihal ilunez; lepo tolestua eta elurraren xuriarekin lehiatzen duen ehun fineko ator xuriaren gainetik nolanahi edo urre nahiz zilarrezko eraztun batekin lotutako zapia daramate. Belarrien gainetik usaian urdina den txapela bat dute, batzuetan gorria, bereziki Nafarroan eta Bizkaian, zeinaren azpitik sorbalden gainetik uhainka dabiltzan ile ilunak ateratzen diren; belusez edo oihal gorrizko txalekoak urre nahiz zilar koloreko botoi ilarak ditu, kuskuilak bezala zintzilik. Zetazko gerriko gorria dute gerri inguruan. Beren oin ttikietan, kalamuzko sokaz eta gainetik kolore biziz apainduriko kotoi ehunez estalitako espartinak (IO: jatorrizko testuan “ezpartiñac”) dituzte. Bertze leku batzuetan abarkak (IO: jatorrizko testuan “arbarcac”) deituriko oinetakoak dituzte, idi larru larriz eginak. Holako oinetakoak erabiltzen zituelako Santxo Abarka deitu zuten Santxo II. a.

Eskuan derrigorrezko makila (mizpirondo zurez eginiko makila) daramate, Herkules-en mailukaren antzekoa, kobre eta berunez hornitua. Beren eskuetan arma zitala bilakatzen da, jende multzo baten kontra jaurtitzen direlarik euren oihu maiteena oihukatuz: Debruen arima ! Orduan, harrigarria da buru zartaturik edo gorputz-adar hautsirik ez ikustea.

Neska gazteek, gehienek edertasun ohargarria dute, freskotasun nabarmena, larru xuri eta fina, aurpegi obaloa, begi biziak, bustiak eta aldi berean goxoak, ezin adierazgarriagoak, bekain mugikor ederrek haien sentimenduak salatzen dituzte, sudur markatua, aho txikia, gorrimiña, hortz politak, ile ilun edo beltzak, begitarte fin eta ederra, holakoa dute fisionomia, irritsua, graziatsua eta harroa. Gorputzaren formak eredu izan litezke: gerri fin eta luzea, bizkarraren makurdura, eta beren mugimenduen malgutasunak gizonak bezain trebeak direla erakusten dute. Jantzi sinple eta graziatsua dute; kolore biziko oihalak atsegin dituzte. Kopetaren aitzinean korapilatzen duten zapia gibelka erortzen da eta haizearekin mugitzen. Kolore bizikoa edo lauki xuria hautatzen dute; baina gehienetan, azken hau herriko familia aberatsetako premiek janzten zuten. Leku gutxitan janzten dituzte abarkak, ez baitute batere gustoko haien oin polit horiek oinetako txiki batzuetan preso egotea. Euskal probintzietan (IO: jatorrizko testuan “Vascongades”), askok zapia tolestua daramate eta gerrian sartzen duten treza luzea darie artetik. Bestetzuek deus ez dute buru gainean; hortaz, arte eta grazia handiarekin antolatzen dituzten beren ile ederrak nahikoa dira apaingarri gisa. Bestela, mantila polita janzten dute, bereziki elizara edo ibiltzera joateko. Frantses Kantabrian, jainkozko ofizioetara joateko neska gazteek zetazko zapia (IO: jatorrizko testuan “mantaliñac (espèces de mantilles)”) daramate; emazte ezkonduek dentela edo belusez apainduriko artilezko berokia janzten dute; sorbalden gainean soka batek jantzi horren txanoa estutzen du, baina ez aski, dentelen artekin begitarte izpiritual eta bihurri bat ikusteko gisan, baina aldi berean leku horretan zaindu behar den duintasuna eta bildutasuna bermatuz.

Eliza, jokoak, bestak

Orohar, Euskaldunak biziki erlijio zaleak dira. Ez dute sekulan elizara joatea huts egiten igande eta besta egunetan. Familiek hilerriak arta handiarekin zaintzen dituzte eta lorez landatuak dira. Tenplutik jalgitzean, galdu dituzten senideen hilobien gainean belaunikatzen dira, eta aldiro hostorik gabeko liliak edo sortak ezartzen dituzte gainean, faltan sentitzen den pertsona maite baten oroimen hunkigarria. Halako ekitaldiak ikusi ditudan bakoitzean emozio bizia sentitu dut.

Usaian, bezperetatik ateratzean libertitzen dira haien joko maiteenean: pilotan Euskalduna bikaina da eta bere trebezia nahiz malgutasuna erakusten ditu. Erronka biziki handiak dituzte, eta bereziki apustuak non batzuetan diru kopuru handiak jokoan ezartzen dituzten. Hauetako batzuek ospe handia irabazi dute joko horietan, hala nola lehengo Perkain, Attala: azken honek usu arto neurri batekin jokatzen zuen bizkarrean eta esku bat loturik, eta beste anitz. Gaur egun aipa genitzake Cascoña famatua, baita beste borrokalari frango. Barra pusatzea ere maite dute. Ariketa horretarako trebezia, beso azkarrak eta gerri malgu eta indartsua behar dira. Joko horretan 15 edo 30 kilogramoko burdin ziri bat jaurti behar da, gainditu behar ez den muga batetik aitzina edo gibelka, lehenik itzulikatuz edo oinak elkarturik, zeren jaurtiketaren distantzia orekaren araberakoa baita. Zangoen artetik ere jaurtitzen dute, edo oin bilduen gainean pausatuz eta esku batez aurrera botaz. Karlos IV. ak jokoa atsegin omen zuen, eta kronikaren arabera, bikaina zirudien.

Txistu eta ttunttunarekin hartzen dira dantzan. Dantza anitz dituzte, nortasunezkoak, bereziki euskal jauzia, grinaz maite dutena. Dantza hau borobilean egiten da, eskutik heldu gabe, nor bere lekuan itzulikatuz eta gibelka eginez, seriostasuna eta alaitasunezko oihuak tartekatuz, elkar animatzeko, itxuraz, eta zangoak hobeki arintzeko. Jainkoari eskerrak, ez dute horren beharrik, gai baitira eguzkia altxatzen denetik sartzen den arte 80 kilometro egiteko, eta baditut adibideak. Gehienetan gizonek dituzte jauziak dantzatzen. Eta usaian apartamendu batean egiten dute, borobilaren erdian kandela bat ezarriz eta makila larruzko lokarri batetik besotik zintzilik.

Bada Euskaldun bati sekulan kenduko ez zaion gauza bat: egun zenbait irauten duten herriko bestetara joatea. Erran nezake ere, Euskaldun batzuek Danubio bazterretik ihes egin zutela bestetara joateko, baina hauek bukatu bezain laster itzultzen ziren, hain baitira libertimenduetara joak, segurrenik gehiegizkoa duten osasun eta indarrarengatik. Inguruko herrietako jendeak talde alaietan hurbiltzen dira herrietako bestetara, zaldi indartsu baten antzeko irrintzinak eginez, haientzat alaitasuna, erronka, deiadarra, elkarretaratzea, gerla seinalea adierazten dituen oihua, menditar guziek duten oihuaren parekoa.

Bestetan ez dira soilik pilotan edo dantzan ari; baina bitxi da ez baita oraindik, Nafarroan bereziki, antzara edo gako lasterketarik; batzuetan, baina euskal probintzietan (IO: jatorrizko testuan “Vascongades”) ez besterik, zezen lasterketak badira. […]

Comments powered by CComment