Hondarribia, kale nagusia, gerla, eliza gotikoa, errege jauregia, kortinak, Madalenako portua, Bixkiak, errege bidea

Irunen parean, Bidasoako bokalearen bertze aldean dugu Hondarribia herri antiko eta pitoreskoa. Gotorleku eta portu txikia zen herri honen izena latinaren bortxaketatik dator : Fons rapidus. […]

Itsas behera baliatu eta Bidasoatik minutu gutxitan izanen gara Hondarribian. Gero bidetik itzuliko gara. Honela ibilbidea atseginagoa izanen da. Lautada hau ubide andanaz zatikatua da. Zori gaitzekoa, bidea laburtu nahirik, bidexkak hartzen dituen bidaiaria: lohian murgilduko da; eni gertatu zait. Geroztik, leku ezezagunetan naizenean, bide jorratuak baizik ez ditut segitzen. Lurrera gaitezen eta ate horretara daraman arbola ibilbide hori segi dezagun. Ez da ageri, aitzinean dugun mando horrek bere otarre erraldoiekin ez baitu ikusten uzten. Ezkerrean, hiriak eraikin hondarkinez josia dirudi; hemen dugu lekurik ikusgarriena. Jar giten istant batez pareta horren gainean, arroilaren hegian, eta Hondarribiako kale nagusia ikusiko dugu. Hiri espainiar baten itxura peto-petoa du: balkoi handi irekiak, burdin hesiak(1) nondik ikus daitekeen ikusia izan gabe, eta begiratoki horiek(2), berinazko kaiola arras bitxiak.

Zer harri meta! Mendeak zeharkatzeko eginak ziruditen etxe horiek kanoi bolez zeharo zilatuak! Etxebizitzak apaintzen dituzten armari horietako asko hautsiak dira. Hondarkinek hain berriak dirudite non etsaia joan berria dela pentsa genezakeen.

Ezkila dorreak karrika patartsu hau ongi gainditzen du. Goazen eliza ikustera. Gotikoagoa da barnean kanpoan baino: erretaula ederra du; eskulturak ongi eginak dira. […]

Horra, plazan gaude. Errege Jauregiaren aitzinaldea dugu begipean. Santxo Abarka Nafarroako Erregeak eraiki zuen, baina Karlos Habsburgokoari eratxiki zitzaion. […] Goazen hemendik. Bidea ez da erosoa, erasoek bide bazterreko harresi lodiak suntsitu zituztenetik. Oin pare purrusta pasatu izan da hemendik bidea garbitzea bururatu gabe. Filosofatuz, Madalenara, arrantza portu txikira iristen gara. Bi etxe lerrok karrika markatzen dute. Txalupak konpontzen eta egiten dituzte hemen, itsas bazterrean; atso zahar horiek, gaizki orraztuak, ile arrunt nahasiak, haurrak kulunkatzen; beste hura, beltzarana, larrua ilun, aurpegi erregular bikainarekin, eta sare bat konpontzearekin tematua dirudiena, guzti horrekin arrantzale herri langilea dela dakusgu. Itsasoan bainatzen den ezponda hura litografia harriaren pareko kareharriz osatua da. Bisean-bis, aipatu dizkizudan Bi Anaiak (los Dos Hermanos). Itzul giten Irunera, diligentzia zain dugu eta. […]

 Zintzarriek abisaturik, haur batzuk sagardietatik edo, eta mahasti nahasien artetik desagertzen diren  beren etxetto bakartietatik jalgitzen dira. Ziri baten muturrean, sagar edo mahatsak, dagoenaren arabera, eta lorez apainduriko saski bat aurkezten digute. Ez dute deus eskatzen, baina haien lasterraldi luzeak pentsarazten digu haiek ere bidaiariarengandik oroigarri zerbait espero dutela. Euskal Probintziak zeharkatzen dituen bide nagusi horretan zehar, denetan ikusiko dugu zaharra dirudien ohitura hori. Leku batzuetan haurrek panderoarekin (euskal danborra) kantatzen dute. […]

Irunetik hogoi minutura, Oiartzungo bidetik eskuinera, errege bide berria dugu. Urte gutti darama Pasaiatik igarotzen. Lehen Donostiara joateko bidea zaldiz edo kakoletaz egiten zen, Jaizkibel oinean zen bide txiki bat segituz. Lezora heldu aitzin bide bazterreko etxe bateko jabeek bidaiari berantiarrak arranguratzen zituzten. Lanchisketa-ko(3) ingurune horiek beldurgarriak ziren. Gaur egun bidea ederra eta librea da; etxe berri batzuk altxatzen dira; leku askotan landu ezineko landak garbituak dira, eta Irun eta Pasaia arteko bide erditsutan mikelete(4) postu batek segurtasuna eskaintzen du herrialde hori gau ala egunez zeharkatzeko.

Mendi batek osaturiko arteka horretatik atera, eta diligentziak pasatzeko moztua izan dena, herrialde oihantsua bilakatzen da; ezkerrean huntzez estalitako zubi ttiki bat ageri da.

Errenterira heltzen gara, baina ez gara luzaz egonen: karrika gotiko hauek zeharkatu eta eliza ikusteko denbora, besterik ez.

 

(1) IO: Jatorrizko testuan "rejas"

(2) IO: jatorrizko testuan "miradores"

(3) IO:  gaur egungo Gaintxurizketa ?

(4) Les miquelets sont payés par la province. On les distingué par une plaque posée sur leur eliaprau et sur laquelle on lit : Miqueletes de la provincia de Guipuzcoa. Ils accompagnent les voitures ou les piétons quand les voyageurs le jugent nécessaire.

Comments powered by CComment