Donibane Lohizuneren aurkezpena, Luis XIV. a, eliza, Kaskarotak

 

Hiri honen zati bat itsasoan pausatua da, eta badirudi beste zatia ere itsasoarena izanen dela noizbait, elementu horren eraso progresibo eta tematuak ikusirik. Triste samarra da. Antzina, kortsarioek gaurko karrika ixil eta hutsak animatzen zituzten; marinel azkar horiek portura ekartzen zituzten zama baliosek, bakailaoa eta balea arrantzatzera abiatzen ziren ontzi andanak, gaur egun abandonatuak diren kai eta plazei bizi ematen zieten.

Urdazuriren bokalean kokatua da, eta erreka honek Ziburutik bereizten du.

Donibane Lohizuneko hego-mendebaldean, Sokoako gaztelua itsasoan sartzen da, eta izen bera duen herri ttikia ontzi txiki eta arrantza txalupentzako portua da. Iparraldean, Santa Barbarako bustinezko goi-gunea dugu.

Donibane Lohizuneko populazioa 3 574 arimakoa baino ez da. Euskaraz mintzatzen da nagusiki. Biztanleen baliabide nagusia bakailao, atun eta antxoa arrantzan eta arrain hauen gazitzean oinarritua da. Martxoan Ternuarako bidaia egiten duten marinelak Baiona eta Bordelera doaz ontzietan sartzeko. Arrantzaldiak iraila eta batzuetan azarora arte irauten du. Ternuakoak itzultzen direnean Donibane Lohizune berpizten da. […] Elizak, bere zutabe eta urre koloreko estatuekin, espainiar eliza dirudi; eta barneko antolaketak, galeriak batak besteen gainetik, Euskal Herrian ikusten den arkitektura erakusten dute. Diotenez, ate nagusia harriz hetsi zen Luis XIV. aren ezteien ondotik.

Karrika nagusi batek Donibane Lohizune zeharkatzen du eta karrika ttikiak lotzen zaizkio. Etxeetako adreilu kolorezko teilatuek, idi-odol gorriz tindaturiko leihoek, ateek, zureriek, efektu berezia egiten diote turistari.

Baionako karriketan gaindi ikusi dituzun emazte horiek, gonak belaunetaraino altxaturik eta zapi batez loturik, eta beren salgaien kalitatea oihuz goraipatzen dutenak, Donibane Lohizuneko sardina saltzaileak ziren. 20 kilometro egiten dute abiadura bizian, buru gainean 30 kilogramoko zamarekin, arraina hirian saldu, eta taldean itzultzen dira kantuz eta dantzan errepidetik, abiatu aitzin, freskatzeko, kontsolamenduzko baso bat edan ondotik. […]

 

Comments powered by CComment