Urumea, Urgull mendia, Santa Clara uhartea, galerak, Plaza zaharra, Konstituzio plaza, sandiak, udal etxea

Iritsi gara Urumea zeharkatzen duen zurezko zubira. Donostia biziki ederki kokatua da lur-beso baten gainean, Urgull mendiaren zolan. Hiria bi badia aski handiz inguratua da: bata ekialdean, Santa Clara uharteak babestua, eta bertzea iparraldean. Lehenak ainguratoki arriskutsua du, eta portura sartzen diren ontziek derrigorrez sartu behar dute moila(1) batzuek babesturiko dartsena batera, itsas beheran lehor gelditzen dena; bigarrena ezin erabilia da Urumeako barrarengatik. Batzuetan, lekua ezagutzen ez duten marinel batzuk barraren gainean galtzen dira, beste aldean sartze erraza aurkituko zutelarik. Itsasoa harro delarik, uhainak zitalkeriaz hausten dira harresien kontra eta zentinelaren joan etorriak eta auhenezko kantuak ixiltzen dira. Soldaduak eta haurrak pilotan hartzen diren arroila horren alboko bidexka segituz, lehenago helduko gira.

Geldi gaitezen; utz dezagun pasatzen ganga petik galera(2) deritzoten trentzaz eginiko etxe antzeko hori. Eraman ditzakeen merkantzia guziak garraiatzen ditu hiritik kanpora; begira ezazu gainera, jende horiek nola lastairen gainean jartzen diren, euren etxean izango balira bezala. Gaixo horiek ahal bezala kokatzen dute beren bizilekua; Madrilera iritsiko dira, gidari berarekin eta zaldi berekin. So egiozu ere galeraren gibelean loturik dagoen eltze horri: sukaldeko tresnak ez dituzte ahantzi. Haientzat, bide osoan zehar altzari baliotsua izanen da. Bi gurpilen artean, belen azpian, bada sarez eginiko ohe bat, ibilgailu pizuaren bidelagun fidela den guardia zakurrarentzat.

Azkenean heldu gara Plaza Zaharrera, diligentziak, mandozainak(3) eta beste egoten diren lekura. Hirian barna karrikak biziki erregularrak dira. Etxeak ia denak berdinak dira; dendek soilik dituzte desberdintzen.

Entzuten al duzu iskanbila hori, tonu guzietan eleketan diren emazte ahots horiek. Konstituzio plazatik hurbiltzen ari gara; arku horren gibelean dakusazu. Plazaren alde honetan merkatua egiten dute. Hemen metatzen dituzte Nafarroako mahats beltzak, hain lodi eta goxoak; haragi arrosa bizia eta hezur handitxoak dituzten sandiak; biper handi horren ondoan dagoen zidra lodi hura, hain dirdiratsua; eta azal berde, leun eta finezko meloiak. Merkatuan, Espainia hegoaldeko(4) koloreak ditugu; mandozain hauek lekuko.

Pasa giten udal etxearen aitzinean (Casa de la villa). Biziki ederra da; arkitektura modernoa eta estilo onekoa du. Goazen arkupe horietara dendak ikustera; arratsean hemen ibiltzen dira jende dotoreak.

 

(1) Ces môles ont été construits sous Charles-Quint.

(2) C'est une charrette à deux roues, sans fond ni plancher. Dans la partie inférieure, une espèce de filet sert à recevoir les ballots, les malles et les matelas. Le dessus est couvert avec des roseaux et de la toile.

(3) IO: jatorrizko testuan “arriéras”

(4) IO: jatorrizko testuan “Espagne du Midi”

Comments powered by CComment