Monumentuak ezagutu

Litografia, gida-liburu eta notiza historiko hauen argitaratzearen xedea eskualdearen berezitasunak ezagutaraztea da. Jadanik aipatu dugu folklorea zena, baina Feillet ahizpen lan nagusia, eta bereziki Blanche-rena, honek egiten baititu Charles Hennebutte-n argitalpenetako litografia gehienak, herri eta hirien irudikapena da, beren arkitekturekin eta paisaian kokaturik. "Guide du voyageur" gida-liburuko testu batek ongi adierazten du zein den bere emaztearen urraspidea:

"Deusek ez lezake herri bateko nortasuna sentiarazten, fisionomia erakusten, harridura sortzen, interesa sortzen, leku aipagarrien deskribapen zehatzak baino. Nahiz eta artistak leku hauek beren kolore biziengatik hautatu dituen, osotasun batean kokatuak dira, eta osotasun horri harmoniaz arkitektura obra baten erliebeak bezala lotzen zaizkio."

Harritzekoa da nola Blanche Hennebutte-n marrazki eta litografia askok xehetasunak eta osotasuna, dena batera, emateko gaitasuna duten. Gehienetan herriak eta hiriak urrunetik ikusiak dira. Orria alde batetik bestera zeharkatzen dute erditik. Nahiz eta urrun izan, arkitekturaren xehetasunak ikus daitezke: ezkila dorre baten forma, etxeetako leihoak, teilatu mota, eta abar. Goian, zeruak eta mendiek leku handia hartzen dute. Beherean, irudiaren lehen planoan, bidearen eremua dugu. Larreen artetik, osagaiak oso estilizatuak dira. Espazio hau, bidaiariaren eremua da.

Bidea eta zeruaren artean kokatuak, hiriek uharteak dirudite. Blanche-k lekua aurkitzen duen momentuan bezalaxe irudikatzen du, bidaiako gune garrantzitsua izanik. Hori da unea non begirada bakar batez hiri osoa ikus daitekeen eta bisita nola plazer esperantzak idekitzen. Irudiak aurkikuntza ezin hobeki oroitaraziko du, hortarako zedarri anitz emanez: hirietako monumentu nagusiak, nola ez, baita norberak segitu duen bidea, bide horrek oroitzapenak lehen pertsonan ezartzen dituelarik, geldiune hiria bidaiaren etapa bezala, paisaiak eta ibilbideak baldintzatzen dituzten mendiak. Gainera, mendi hauen bilakaera segitu ahal izan dugu ibilbidean zehar.

Noiz behinka Blanche Hennebutte-n marrazkiek kartografia kutsua dute: ikuspegi panoramikoa, gainetiko ikuspegiak bidaiaria erakutsiz eta hiri osoa erakustera emanez, eremu biziki zehaztuak, nahiz eta urrun izan. Donostiako marrazki andanaren artean batek urraspide ia entziklopedikoa du. Hernanirako bide bazterrean egina, hiri osoa eta bere inguruneak hartzen ditu.

Feillet ahizpek monumentuak beren lanetan integratzen dituzten bezalaxe Charles bisita gomendatzen duen guneen aurkezpen historikoari lotzen zaio. Hélène eta Blanche-k ber garrantzia ematen diote arkitektura baten, jantzi ikusgarrien eta garraio modu tradizionalen deskribapenari. Pasaian, Gipuzkoako portu bat, heien marrazki eta litografietarako leku kuttuna zena, Feillet ahizpek Isabel Gotorlekua eta Jondoni-Petri dorrearen irudikatzeari lotzen zaizkiete. Donibane Garazi ondoan, Baxe Nafarroan, Tenpluzainen gaztelu batek akuarelarako aitzakia ematen dio Hélène-i. Hondarribiako Sagarrondoko Andra Maria elizak (XV. eta XVI mendeak) biei eman die marrazteko gaia.

Hondarkinen irudikapenak Hélène-n obra erromantismoan kokatzen du, hots Ary Scheffer (1795-1858) bere bigarren maisuarengandik jaso duen eragina. Baina bi ahizpek monumentuak marrazteko duten joera, lekuak zehaztuz eta gune garrantzitsu bilakatuz, Monumentu Historikoen kontzeptuaren sortzearen garaian kokatzen da. Honela, Monumentu Historikoak lurraldeko aberastasun nagusi bilakatu dira eta turismorako baliabide bezala erabiltzeko bidean jartzen dira(11).

(11) Monumentu Historikoaren nozioa XIX. mendean agertu zen, bereziki iraultzaren ondotiko kaltetze ekintzei erantzunez. Bi ahizpak kontzeptu horrekin batera handitu ziren: 1830ean François Guizot-ek Monumentu Historikoetako ikuskari postua sortu zuen; 1840ean monumentuen lehen zerrenda osatu zen; 1851ean, Monumentu Historikoen Komisioak misio Heliografikoa sortu zuen, Monumentu Historikoak argazkitan hartzeko helburuarekin. Hemen maiz aipatzen dugun Taylor eta Nodier-en lana frantses ondare aberastasunen lehen katalogoa izan zen.

Comments powered by CComment