Hélène FEILLET (Paris, 1812 – Biarritz 1889)

Pierre Feillet eta Hélène Pernotin-en alaba, Hélène Parisen sortu zen, 1812ko azaroaren 2an(1). Amaren aldeko aitatxi, Pernotin margolaria, Pintura eta Eskultura Errege-Akademiako ikasle izan zen 1778an, eta Erromako sari handirako lehiatu zen. Iraultzaren ondoko monarkia garaian, Pernotin arduratu zen Versailleseko jauregiko sabai batzuen zaharberritzeaz. Bera ote zen B. Pernotin genero-historiaren eta potreten margolari eta grabatzaile trebea, Londresen 1786 eta 1797 artean lan egin zuena? Horrek lagunduko luke ulertzen Ingalaterran sasoi ederrean egonaldiak egiteko (1853an, 1857an, 1860an), eta estanpak egiteko Hélènen zaletasuna. Lehendabiziko irakaslea aita bera izan zuen, Pierre Feillet, karrera militarra utzi eta grabatzeko artera emana. Baina benetako maisua Ary Scheffer (Dordrecht, 1795 - Argenteuil, 1858) nederlandarra izan zuen, Parisen, hark irakatsi baitzion potretagintza.

Canción del Pirata, Dans El Artista 1835

Ahizpa Blancherekin batera, Hélène Feillet aitarekin abiatu zen Madrilera 1829an. Familia 1834an behin betiko Baionan bertakotu zelarik, Hélènek espainiar aldizkariendako lanean jarraitu zuen. Bost plantxa egin zituen El Artista Madrileko erromantizmoaren aldizkari enblematikoenarendako. Espainiar iruditegi erromantikoaren ederrenak eta adierazgarrienak dira haren grabatu batzuk. Horra hor, adibidez, Esproncedaren Canción del Pirata (pirataren kanta) olerkiarako ilustrazioa. Jenaro Pérez de Villaamilen lanak ere litografiatu zituen, Madrilen 1835ean argitaratu Mesonera Romanosen Panorama Matritense liburuarendako.

1835-1840 urte hauxetan ere, Baionan, Félix Morelen Bayonne, vues historiques et descriptives idazlanaren sei litografia ilustratu zituen. Geroago, bete-betean aritu zen Charles-Henri Hennebutte ezkonanaiaren enpresan, berak editatu baitzituen bi ahizpen lehen irudi turistikoak: Album des deux frontières edo Guide du voyageur de Bayonne à St Sébastien.

Liburu hauen prestaketan, Hélènek eta Blanchek lurraldeetan barna bidaiatzen zuten, aitzineko zirriborroak egin eta lanerako behar zituzten gaiak jorratu ahal izateko. Litografia sail oparoak egin zituzten, batez ere paisaienak, baina baita gai etnografiko zenbaitenak ere.

Ilustrazioari ere arras emana egonagatik, Hélène gehienbat pintorea izan zen. 1836an, lehendabizikoz, Pariseko Saloian erakutsi zuen, Juana Canoren potreta bat, honelakoa, Gazette de France-ren erranetan: "Hona hemen artista eder bat, ia espainola, Hélène Feillet andereñoa, zeinen artelan original eta espiritualak Madrileko Museoan miretsi baitziren 1834an. [...] 678. zenbakiz ikusgai jarri Señorita Juana Cano delako potretean, pertsonaia  miragarriro pausatua da: koloreak egiatasunetik badu, eta ñabarduren kutsuak zuzen eta artez paratuak dira." 1839an honako pintura hau igorri zuen Saloira Baionako inguruen ikuspegia, Bokaletik hartua; eta 1841ean: Espainiar emazte bat elizan, Buhame emakumezko bat Madrileko aldirietako San Isidro kaperan eta Rubensen araberako Hiru graziak litografia. Orléanseko duke-dukesaren etorrera Baionan, 1839-1840an pintatua eta Saloian 1842an aurkeztu zen.

1845eko Saloian, aldiz, euskal gaia eta era berean historikoa jorratu zuen: La Fayette-ren itsasoratzea 1777an pasaiako portuan, Ameriketara lehen aldiz zihoala. Pasaian egin krokis ugariek balio izan zioten eszenaren berregintzarako; baina kritikariek leporatu zioten fidelegi lotu zitzaiola paisaiaren errealitateari, emozioaren kaltetan, halako gaia erromantizismoz behar adina goratua ez zuelakoan. 1848an Saloira igorria deskribapena hutsa da: Irun, Hondarribia eta Bidasoaren itsasorako bokaleko ikuspegia.

Eraikin erlijiosoak apaintzeko ere manatu zioten Hélène Feilleti: 1843an, San Luis borroka-zelaian zehar, kolpatuei laguntza ematen ari zaiela. Baionako Ospitale Militarreko kaperarako; 1849an, Utz itzazue nigana jiten... Gurutzeko Damendako; azkenik, Saint-Barthélémy bat, Biarnoko Jasseko elizarendako.

Margolanen arrakastari esker diruz naharo bizi zenez, 1851n aitari erosi zion lursail bat, Biarritzeko Hondartza Handiaren gainean, non bi etxe handi eraiki baitzituen, haietako bat, hain zuzen, "Feillet" etxaldea. Brindotsen Daguerre jabegoa ere erosi zuen, Angelun, eta hantxe bizi zen aitarekin. Biarritzen zendu zen, ordea, 1889ko abenduaren 9an, bere etxean, Industria karrikako "Léonard" izeneko etxaldean.

 

(1) Hélène Feillet-ren obraz, irakur daiteke ere Henri Jeanpierre-ren artikulua, "Un peintre romantique bayonnais, Hélène Feillet", Bulletin de la Société, Sciences, Lettres et Arts de Bayonne, 105 zbk., 1964eko 4. hiruhilekoa, 187-198 orr.

testuaren kreditua: Baionako Euskal Museoa