Katedrala, kalostra, ezkila dorrea
Katedralaren aitzinean gaude, Baionako monumentu nagusia. Basilika honen zimenduak 1141ean egin ziren, biztanleen eskaintza jainkotiarrari esker. Estilo gotiko ederrekoa da, gangak eta hertz nagusiak ez dira txarrak eta alde monumentala badute. Gurutze latino baten forma du. Pentsatzen da bihotza eta ezkila dorrearen zati bat XII. mendeko bukaerakoak direla. Kalostra eta ganga handiena 1355 eta 1400 artean bukatu ziren. Barneko zatiketa, gaur egun ikus dezakeguna, 1702an burutu zen. Zirkulu erdia osatzen duen bihotzaren gibelean, hiru hobi edo gela itsu daude, berriki berrituak. Hauetako batean apezpiku baten estatua ikus dezakegu, etzanik ; ondoan meritorik falta ez duen margolan bat. Berinateak XIII. eta XVII. mendeetan ezarriak izan ziren ; bihotzekoak, Iraultza denboran suntsituak izan baitziren, orain dela urte batzuk ordezkatuak izan ziren. Ezkila dorrea, burutu gabea dena, XV. eta XVI. mendeetakoa da.
Lan batzuak abiatuak dira kalostretan baina ez dira bukatuak ; galeriak arku zorrotz eta hirustakoak dira. Ohar zaitez, atearen eskuinean, galeriaren luzeran dauden bi kapera txiki, gaur egun egurrezko sare batez hetsiak ; pareta batek bereizten ditu. Hauetako baten ezkerreko atekan hiru aingeru belauniko ageri dira, bakoitza zuzi batekin eta lerrokada erdi-zirkular batean, eta bi lerro paralelotan, musika joleak, hauetako batek euskal txistu eta danborrarekin ; eskuineko beste kaperan, artekan, hiru aingeru inzentsu ontziekin, figura txiki andana bi lerrotan eta Jainkoaren inguruan bildurik. Erliebez zizelkaturiko bi ebanjelista daude zutik alde bakoitzean. Ezkila dorrera igaitea azkarki gomendatzen dizugu, ikuspegi ezin hobea ezagutu nahi baduzu.
Basilika hau agurtu eta abia gaitezen Gaztelu Zaharrerantz, itzulinguru bat eginez Bost Kantoinetatik pasatzeko, non kanpoko Burtsa egiten den.