Gipuzkoa, jantziak (zapiak, abarkak), aisiak (jokoak, festak, zortzikoak), alkatea, trenak (laia), txakolina, emazteak, gizonak

Zaila da gaur egun jakitea Probintzia hori noiz Gipuzkoa deitua izan den. 839an, Ipuzcoa izenarekin ezagutzen zen (Cataloga de los Obispos), izenaren etimologia zein den gabe.

Hasieran etxe bakan batzuk zituen, non biztanleek lurra lantzen zuten beren beharretarako. Gero, biztanleria emendatuz joan zen eta lurraldearen zatiketa bat egiteko premia agertu zen. Probintzia aranetan zatitzea hain zuzen. Aran bakoitza epaile batek gobernatzen zuen, eta geroago aran hauetatik hiriak atera ziren.

Araba eta Bizkaia baino txikiagoa izan arren, Gipuzkoa probintzia jendetsuagoa da. […]

Emazte ezkonduek zapi xuria edo sabanilla, daramate buru gainean, kopetan lotua. Neska gazteek soilik dute publikoan agertzeko eskubidea, buruan zapirik gabe eta trentza luzeekin. Hauetako batek huts egiten bazuen, burua estaltzea agintzen zioten lehen.

Probintziaren barnealdean gizon eta emazteek abarkak dituzte oinetan. Gizonek txapela urdin edo gorria janzten dute. Kostaldean, zaharrek gibelean altxatua den buruko bat daramate, erdi-aroko kasketaren antzekoa.

Hauek dira probintzia honetako libertimenduak : pilota, zezen lasterketak, herriko besten egunean edo biharamunean. Igandero, gizon eta emazteak plazan biltzen dira ttunttun eta txistuaren(1) soinuan dantzatzeko. Idazle batzuek uste dute musika tresna hauek zaharren Vasca tibia famatua dela.

Ezpata dantza eta Zortziko deiturikoa, biziki zaharra da; Zortzikoa oso berezia da.

Justiziak oso guttitan eta kasu berezietan jotzen du. Agintearekiko errespetua hain da handia non alkatearen (auzapeza) presentzia, bere makilaz eskuan, aski den iskanbila bat gelditzeko.

Probintzietan lurra iraultzeko erabiltzen duten tresna laia(2) deitzen da. Burdinezko sardexka handi bat da, zurezko gider batekin, zeinaren hortzek 40 eta 50 zentimetro arteko luzera duten. Langileak lerroan ezartzen dira, laia bat esku bakoitzean, lur puska bat altxa eta sakonean iraultzen dute, tresna giderreraino sartuz oinen laguntzaz.

Kostaldean mahastiak zaintzeko lan latza eginik ere, mahatsa ez da behar bezala hazten, eta txakolina(3)  deituriko ardo xuri edo ilun bat egiten dute, « petit Bordeaux » baten antzekoa dena. […]

Probintzia honetako emazte gehienak ederrak dira. Aski arrunta da, lurreko lanetan dabiltzan neska gazte horien artean edertasun perfektuak ikustea. Irun, Tolosa, Azpeitia eta Azkoitiakoak aipatzen dira, baina baten edo bestearen alde ez egitearren, erran genezake leku guzietan ongi direla.

Gizonek ere ez dute lotsatzerik; oro har ederrak eta handiak dira, biziki ongi doakien itxura tematua dute. Gerrillari gisa, Euskaldunak beren mendietan bikainak dira. El Pastor deituriko Gaspar Jauregik kristinoen aramadako general gradua lortu zuen, mendietako gudan zuen trebeziarengatik. Euskaldunak, behar izanez gero, laborari bezain soldadu onak dira.

Gaur egun, Gipuzkoako probintzia, astinduak jasan arren, eta aztarnak utzi dituen gerla zibila pairatu izanik ere, Espainiako aberats eta ederrenetako bat da.

 

(1) IO: jatorrisko testuan "tamboril et silvo"

(2) IO: jatorrizko testuan "laïa"

(3) IO: jatorrizko testuan "chacoli"

Comments powered by CComment