Bi ahizpetarik, Hélène Feillet da potretagile ospetsuena eta eskatuena. Pariseko saloian, adibidez 1863an, honako potreta hau aurkeztu zuen: Juan Cano andereñoa, Madrileko Principe antzokiko lehen bolerolaria.

Orleans-eko dukea Baionara sartzen

1839an pintatu eta 1842an Saloian erakutsi Orléanseko duke-dukesen etorrera Baionan margolan handia ere, potreta ttipien multzotzat har liteke.

Potreta gehienak Baionako burgesiaren pertsonaiak dira, zinegotziak direla (Furtado), burgesak direla (Daguerre), militarrak direla. Eitez serio, janzkeraz zorrotz, apaingarriez eskas. Begitarteari emana da funtsezkoena, zorroztasun psikologikoz landua.

Emakumezkoen potretak goxoagoak izan ohi dira, jantzien kalitatearengatik eta bitxien luxu apal samarrarengatik.

Marraztu edo akuarelatu potretetan, alta, pertsonaien egiatasuna helarazten du Hélène Feillet-ek. Etienne Pellot kortsario zaharra irudikatzen duen akuarelak primeran azaltzen du erretretan dagoen itsastarraren izaera sendo eta tematsua.

Blanche Feillet ezkontzaz Hennebutte-ren potretak bakanak dira, eta antze gutxiagokoak. Urri dituzte handitasuna eta exekuzioaren finezia. 1857tik aitzina Baionako Marrazki Eskolako zuzendaria genero eszenak eta paisaiak jorratzeko trebeagoa zen.

Testuaren kreditua: Baionako Euskal Museoa