Blanche eta Hélène Feillet XIX. mendeko margolari eta litografoek Euskal Herriaren itxurapena handizki emendatu zuen obra sortu dute, argazkigintza aitzineko grabaduraren urrezko aroa zen garai berezi hortan. Azken urte horietan, berriro ohoretan emanak izan dira, hala nola 2015ean Gipuzkoako Ormaiztegiko Zumalakarregi museoak "Hélène eta Blanche FEILLET emakume margolari aitzindariak XIX. mendeko Euskal Herrian"(1) erakusketa antolatu zutenetik. Baionako Euskal Museoak 2015eko azarotik 2016ko urtarrilera  beste erakusketa batekin luzatu zuen, eta Feillet ahizpen obraren aurpegi berritua eskaini, Euskal Herriko bi lehen emazte margolariak goraipatuz(2).

Baionako Euskal Museoko edo Mediatekako funts publikoetan, edo bilduma pribatuetarik hartutako Blanche Feillet-Hennebutte eta Hélène Feillet-ren 250 bat marrazki, akuarela, pintura, litografia, zirriborro edo zurien goratze lanak numerizatu dira.

Erakusketa hau multzo zabal baten biltzeko aukera da, ahizpen ekoizpenaren ugaritasuna itxuratzen duena, bai paisaien, hirien, baserri-aldearen edo biztanleen irudikatzeko. Obren gehiengoa XIX. mendean biderkatzen diren turismo gidaliburuak ilustratzeko baliatu da, eskualdeak bidaiari gero ta gehiago erakartzen duelarik, eta bereziki burgesia aberats bat, Biarritz eta inguruak opor toki arrakastatsu bezala bereganatzen ari duena.

1851ean Charles Hennebutte-ek (Blanche Feillet-ren senarra) argitaratu zuen « Guide du voyageur » liburuko zati anitz irakurgai dira erakusketan; bidaia bat segitzen ahal da horrela Baionatik Donostiara, Kanbotik barna “urak” hartuz, deskribapen koloretsuetaz gozatuz.

Erakusketak 19. mende erdiko Euskal Herria zeharkatzera gomitatzen gaitu, itsas ertze salbaia eta biziz beteko hirien artean ibiltzera, betiko etxaldeak eta turistendako sortutako eraikuntza modernoen artean, eta bertako biztanleak ezagutzera, errealismoz beteko paisaia horien figurante apaingarriak.

 

Feillet ahizpak

 

(1) Ikus Zumalakarregi museoak ondotik sortutako erakusketa birtuala.

 

(2) 1964an, Euskal Museoak antolatu zuen lehen erakusketa bat Feillet ahizpen baita Pierre Feillet-ren 175 obra aurkeztuz. Ikus erakusketaren katalogoa, Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Bayonne, 105 zbk., 1964eko 4. hiruhilekoa, 199-216 orr.