Cesar-en kanpamendua, Mundarraine, Hazparneko erromatar harria, Belzuntzeko gaztelua Mehainen, Otxozelaia eta Izturitzeko harpeak eta Donamartiri.
Bidean, Ezpeletaren ezkerrean, Kanbotik hego ekialdera, Cesar-en kanpamendua deritzon leku zabal bat aurkitzen da, nahiz eta ez den oraindik frogatua izan, kanpamendu berriago baten hondarkinak izanik ere, Cesar leku honetan egon zenik.
Mundarrainetik bista biziki ederra da: mendi kaskoan dauden gotorleku baten hondarkinek haitz hozkadunak dirudite. Hara igotzea eta Hazparnera, Adrien-en faboritoa zen Verus-en aberriraa, joatea gomendatzen dizut. Hiri hau, Kanbotik kilometro batzuetara, ibilaldi baten helburua izan daiteke merkatu egunetan. Bere biztanlegoa gehienik ehulez eta zapataginez osatua da. Elizan latinezko izkribu hau ikus dezakegu, literalki itzulia :
Flamen, item duumvir, questor, pagique magister
Verus ad Augustum legato munere functus,
Pro novem oblinuit populis sejungere Gallos.
Urbe redux ; genio pagi hanc dedicat aram.
« Pontife, duumvir, diruzain eta herriko gobernadore militarra zen Verus enperadorearengana joan zen misio bat betetzera; Novempopulanie-aren independentzia lortu zuen; itzuli zelarik tenplu hau lekuko jeinuari eskaini zion. »
Hazparnetik haratago, Mehainen, muino ttiki baten gainean, dugu Belzuntze familiaren jauregia. Ez ahantz Izturitzeko harpeak bisitatzea. Jauregi peko bidea segituz Gaztelmendira iritsiko zara. Hor desegindako dorre bat dago, antzinako euskaldunek defendatzeko baliatuko zutena, eta mendi horri izena eman diona. Harperako sartzea zuhaixkaz trabatua da. Sarreran zapaia apala da, baina barnean nabarmen zabaltzen eta goratzen da. Itxura handi bat osatzen duen harri orratza ikus dezakegu; badira beste batzuk lurrean, txikiagoak. Han-hemenka, harri negarrak jaisten dira zapaitik. Harpe hau ikusgarria da, bai bere neurriengatik, baita bertan argi baten laguntzarekin aurki daitezkeen objektuengatik.
Ados bazira, otarreetatik itzuliko gara. Errobi bazterrak xarmagarriak dira, Kanboko herria eguzkia sartzean altxatzen denean bezain polita da. Goizeko kolore gorrixkekin, zubiaren beste aldean ageri den Basaburuko aran ttiki hura, maitagarria da.
Goizeko freskurak ez bazaitu lotsatzen, galdegiozu zure ostatzaileari leku bat ukan diezazun ontzi baten gainean. Errobi honela jaitsiz, emozioak ukanen dituzu, zure txalupa gezi bat bezain fite joanen delarik zure inguruko arbola, etxe eta Errobiraino jaisten diren aran txiki maitagarriak ihesaraziko dituelarik. Uztaritze sortaldeko eguzkiaren argitan ikusteak, goizegi utzi duzun ohearen falta kenduko dizu. Uztaritzetik Baionara erreka lasaitzen da; bere ur berde eta sakonek kontrastea egiten dute lehengo ur lasterrekin. Une batez Ameriketan zarela uste nahi baduzu, itzul zaitez otarreetatik.