Bidarte, Getaria
Baionatik mugara, eskualde biziki pitoreskoa dugu. Bidean zehar, hiritik atera bezain laster, landa-etxe politek, baratzez inguraturik eta mahats sarez estalirik, aniztasuna ematen diote paisaiari. Baionatik kilometro guttira, itsasoak, mahain oihal urdina dirudi, eta maiz agertzen zaigu. Ezkerrean, Pirinioak mugatik hurbildu arau uhain lerroak bailiran itsasoan galtzen dira. Bidarte herri txikia zeharka dezagun, eta elizaren ondorik pasatzean ohar zaitez zer nolako kostaldeko paisaia zoragarria dakusagun. Bidarte eta gero, Getaria eta bere etxe garbitxoak. Denbora batez gurekin daramagun kantu aspergarri horrek harritzen zaitu, baina zure belarriek besterik jasan beharko dute. Makur zaitez atetik: haur, neska eta mutiko andana ikusiko duzu; batzuk aski handiak dira. Eta hara nondik hondar krabelinez estalirik utzi gaituzten; bakoitzak anitz bildu zituen. Sos anitz espero dute ordainez. Haatik, gaixo haurrek gehienetan, zaldi gidariaren azotea besterik ez dute ukaten, baita irensten duten errautsa, edo zilatzen dituen euria ere. Une eta aro oro diligentzien bidelagun ditugu. Horra hor Donibane Lohizune.