Hilerri ingelesa, hilerri israelita

Ur gainetik ala gaineko bidetik itzuliko girea ? Marea behera doa, luzeegi litzateke ; gainera itsasturi zahar horren istoriak altxor famatu horren lekua ezagutzeko gogoa piztu beharko liguke, hots ofizial ingelesen ilhobi ondoko lekua. Segi dezagun xendera patarran gora, eta bidelagun dugun mutikoak bidea alaituko digu herriko kantu batzuk kantatuz.

Ixil… jainkozko lurretan gaude; hilerri batentzat lekua ongi hautatua izan da. Ibarrean sartu arau, bakardadea gero eta sakonago egiten da. […]

Hilarrietan honako izenak irakur ditzakegu :

G. Callier eta H. Sullivan, baronet eta parlamentuko kide, Coldstream-eko teniente-kolonelak, guardiako 2. ; W.G. Crofton eta W. Burroughs, erregimentu bereko kapitainak ; F. Vachell eta W. Pitt, ber erregimentuko banderariak ; W. Vane, guardiako 1. erregimentuko banderaria ; C.L. White eta J.B. Shiffner, kapitainak, eta F. Halbourne, guardiako 3. Erregimentuko tenientea ; J. Hamilton, lineako 60.eko tenientea.

Agurtu ditzagun zori gaitzeko soldadu hauen gorpuzkinak, eta segi dezagun bide makur hau, beste edozein baino hobe, Hilerri Israelitara garamatzalako: leku interesgarria.

Atsedenaren asilo hau ikustean melankonia sakona sartzen da ariman, filosofoa mirespenarekin joanen da hemendik. Ez da harrokeriazko monumentu handirik; xumearen eta boteretsuaren gorpuzkinen arteko bereizketarik ez. Hilobiz haraindiko pribilegiorik ez da hemen. Pobreak erremusinak ematen zizkion aberatsaren ondoan lo egiten du. Idazkiek, hil ondoko laudorio litaniekin luzatzen ez direnak, soilik hilaren izena eta zendu den eguna eta ilargia gogoratzen ditu, eta bisitariak ezingo luke asmatu oin pean duen hil hura pobrea edo aberatsa zenez. Ezen, berdintasun perfektua baita hilarrien artean.