Euskaldunen kosta, Portu Zaharra, etxolak, haitz zilatua, ontziak, "chinaougue"-a eta atalaia
Gainean eskuinean ikus ditzakezun eraikin baten hondarrak, 1300eko jauregi gotor batenak dira; harresiak beren egituratik askatu eta, auskalo nola, erortzean maldaren erdian gelditu dira. Ezkerrean, dorre zahar hori seinaleak egiteko eta arrantzaleak zetorkien denbora txarraz abisatzeko erabiltzen zen. Gure aitzinean, itxura bereziko haitz horiek osatzen duten kaia, Portu Zaharra dugu. Segi dezagun eskuineko bidexka hura, dorre zahar horren oinarria osatzen duten harrien gainean pausatzera; golko osoa ikus daiteke, baita marearen tenoreak erakartzen dituen bainulari eta kurios guzti horiek ere. Euskaldunen kosta, eguzkiak argituriko Bidarteko haitz horietaraino apaltzen den bustinezko labar luzeez osatua dena, naturalistentzako ibilbidea da. Begira Bidasoatik emeki hurbiltzen ari diren arrantzale bela horiek, gure marinelek "Deux Tombeaux" (bi hilobiak) eta espainiarrek "Los Dos Hermanos" (bi anaiak) izendatu dituzten haitz txiki horien gibeletik. Eta itsas hegitik hurbiltzen diren arau apaltzen doazen mendi horiek, Hondarribiatik uhertzean ikus dezakegun Matxitxakoko lur-muturreraino. Gure oinetan, itsaso sakona, arratsalde bukaerako argiak ematen dizkion esmeralda tonuekin. […]
Pausatua bazara, goazen ba Haitz Zilatua ikustera. Lasai, bagoaz eta. Itxura ederra du, ezta? eta osin hau beldurgarria. Etengabeko eztanda hauek, eta zenbait metro gora altxatzen diren uhainek lotsatzen zaituzte? Arrazoin duzu; ez zaitez sobera hurbildu. Behin baino gehiagotan bustia izan naiz, eta ikusi dut urak nere lagun bat abantzu eramaten zuela. Kasu egizu beraz. Orain Atalaia zeharkatuko dugu eta portu txiki horretara daraman malda hori segituko dugu. Portuan, lehorrean dauden ontziek(1) ongi adierazten dute zein den Biarritz-eko marinelen neguko lana. Goazen haitz hauetatik. Ixil! norbait lotsa genezake. Izan ere, bi lagun gazte bainatzen ari dira. Norat doazi? "Chinaougue "-ra, haur eta zaharren bainu ontzira. […]
(1) IO: « cabastan » jatorrizko testuan