Portua, "trinkadurak"
Goazen portura, ezen bidaiariak beti interes handiarekin begiratzen baititu itxura desberdineko ur gaineko etxe horiek.
Aitzinean ditugu uraren mugimendua islatzen duten ontzi horren alboak, hain dira dirdiratsuak eta galipotatuak, holandarra da. Kapitaina ontzi-bizkarrean dabil, eta bere emazteak, urrezko ile orratzez apainduriko boneta eta gona laburrarekin, leku hauetako jantzi graziatsuen ondoan kontrastatzen duena, ibiltzaileak ikusminez begiratzen ditu.
Eta marinel horiek ? Hain ile horiak, hain freskoak, hain arrosak… Haien ontzia ingelesa da ; albo zuzen-zuzenak ditu, kroskoa alaitzeko kolorerik ez du, eta errexki ezagutzen da. Utz ditzagun beren pipak larriki erretzen, eta iker ditzagun ontzi arin hauek. Beren masteria hain bereziak jakinmina sortzen digu : trinkadurak deitzen dira. […]
Antzokiko arkupean, eleketak denetan. Gure aitzinean doazen gizon horiek goraki mintzo dira, guk heien solasak entzuteko gisan. Erdikoa espainiarra da; gure aldera igortzen dituen ke zutabeek lurrin ontzi batenak dirudite. Kontrabandoz ari dira, eta zin egiten die goizean aduanatik atera diren zamak, bihar Espainiara sartuko direla, Pausutik, Espainiako aduanak deus ikusi gabe. Zaila ikusten duzu ? Alta, hala gertatuko da, merkantziak bahituak izan gabe; hori geroago azalduko dugu.
Comments powered by CComment