Uztaritze, Dominique Garat, etxe lapurtarrak, hilerria, Lapurdiko Biltzarra

Orain, zure ikusmina asetu dezakezu, eta nahi bezala hain kolore desberdineko lautada hauek begiratu, etxe multzoak, hurbiltzen goazela handitzen diren oihanezko bizkarguneak, eta azken plano gisa, efektu hain goxoa egiten duten mendi maldatsuak. Igoera pixka bat gogortzen da; Garat kondearen etxetik hurbiltzen ari gara.

Uztaritzeko(1) etxeak gustatuko zaizkizu, segur naiz, beren euskal izatea atxiki dutelako, mahatsondoz loraturiko zurezko balkoi handiak babesten dituen teilatu hegal luzeekin.

Zalgurdia gelditzen da. Uztaritzeko eliza aitzinean gaude; hilerria du inguruan. Hilerria euskaraz « ilherri » deitzen da(2): arrosaz beteriko saski xarmagarri bat da; ez da euskal hilerri bat baino gauza fresko eta loratuagorik. Igandeko elizkizunaren ondotik, familia bakoitza senide baten edo lagun baten hilobiaren gainean belauniko jartzen da, eta harri eta gurutzeetako liliei hosto hilak kentzen dizkiete.

Antzina, Biltzarra(3) herri gaineko muinoetako batean biltzen zen: haritz zahar batzuen gerizan herriaren interesez eztabaidatzen zuten gizon zaharren bilkura bat.

Hemen, harri xume horren azpian lo dugu iraultzako gure lagun ospetsu bat, Garat kondea.

 

(1) IO: jatorrizko testuan "Ustarits"

(2) IO: jatorrizko testuan "ilherri (région des morts)" (hilen eskualdea)

(3) Populu zaharren bilkura. (IO: jatorrizko testuan « Bilzaar »)