Pasaia, Santa Ana kapera, Santa Isabel gotorlekua, Donibane eliza, ontzi-gidariak, Pietatea, Mirakruz

Patar horretatik segituz, Pasaia agertzen ari zaigu. Honakoa baino askoz liburu gotorragoa behar genuke portu horren historia idazteko. Azken hiru mendeetan, espainiar monarkiaren menderatzea urruneko herrialdeetan sendotzeko, hemendik atera ziren hainbat eskuadra. Portu ezagun hau bi haitz eta mendi maldatsuren artean kokatua da, itsas bazterrean Santa Isabel gotorlekuak defendaturik. […]

Begira, han duzu Pasaiako dorre eraitsia. Haren harri horiak nabarmentzen dira itsasoaren urdinean. Jaits gaitezen arbola horietara; Ikusten al dituzu ontzi-gidari hauek, besteak baino presatuagoak dira. Diligentziak haien txaluparentzat zerbait utzi ote duen ikustera doazi: Juana Maria, Angelica, Manuela eta beste hainbeste, xingoladun txapela txiki horrekin buru gainean. Hautu bat egin arte, haienak gara. Ez dugu denborarik galdu behar, bestela gure jantzi puska batzuk kenduko dizkigute. Ontzi ibilaldi horrek bidaiatik lasaitzen, eta itsas haizeak plazer handia egiten du.

Hemendik ikuspegia bikaina da. Gixuz xuritutako Santa Ana kapera zaharra, arrantzaleek itsaso urrunetik dakustena; lur sail mailakatu horiek pitoreskoak dira; haritz multzoen artetik etxe xuriak dakuskigu; gainean, bata bestearen gainetik dituzten balkoi luzeko (batzuk osoa besteak hautsiak) etxe horiek: itsasoak, eguraldi zakarrean, etxe horien oinarriak jotzen ditu; eta Jaizkibel mendia, Pasaia bere altzoan daramana, itsasora botatzen da Hondarribian.

Arrokari darion ereinotz zaharrak gerizatzen duen plazatxo horretatik, goazen Konstituzio plazara, eta gero hortik segituko dugu Bonantza eliza ikusi ahal izateko kale ilun horren puntatik. Pasaian bizitzeko, errexki igan behar da, ezen hartuko dugun ibilbidea gure buruen gainetik baita.

Zelaigune horretatik portua dakusagu, eta gure oinetan pilotoen auzoa. Etxe beltz eta keztatu horiek, ongi; eta ereinotz berde eta fresko hauek, gure bide bazter osoan ditugunak, eta menditik beheiti datorren bidexkan sartzen direnak![…] Jar gaitezen, itxuraz naturak meditatzeko apropos ezarri dituen haitz hauetan. Bokata zuritzaileak entzuten dira. Belaunetaraino uretan sartuak diren emazte horiek arropa taupadan jotzen dute: bertako doinu bat kantatzen ari dira; garbitzaileen kantua, huntzez estalitako harpe naturala dirudien latsagiarekin harmonian da. […]

 Utz dezagun pietatera daraman kaperako eskailera; karrikatik itzuliko gira. Ingelesen hilerria ikusi ostean, 1545ean eraiki zen Donibane eliza ikustera joanen gara. Igandez bisitatu behar da. Beste leku guttitan ikusten den gauza bat da, arrantzale gaixo horien kantua; hain sakonki otoiz egiten dute eta tarteka kantuz hartzen dira. Organoaren soinuak laguntzen ditu, eta, noiz behinka, tenor ahots eder bat dantzugu. Mundu bat bada, Espainiako erlijio musikaren, eta gure herri eta hiri txikietako eliza kantuen soinu garratzaren artean. Hemen, Frantziako Euskal Herrian bezalaxe, galeriak badira gizonentzat, eta altarearen ondoan banku batzuk erreserbatuak. Orain dela gutti hasi dira emazteentzako aulkiak sartzen; lehen, denak, klase bereizketarik gabe, lurrean dauden tapiza txiki horien gainean belaunikatzen ziren eta haien aitzinean ezko xuri edo horizko kandelekin borobil bat osatzen zuten. Hauek elizkizun denbora osoan erretzen uzten zituzten. Erretaula, eliza espainiar guzietan bezala, urre apainduraz, eskulturaz eta zutabe bihurdikadunez betea da. Sakristia ere bitxia eta ikustekoa da bere armairu zizelkatuekin.

Itzul gaitezen portura, etxe anitzen petik pasatuko gara, karrika egiteko etxeak zeharkatu baitituzte. Bi etxe lerro hauek, bata mendiaren kontra eta bestea itsasoan bainatua, Pasaiaren laburpena ematen dute. Pitoreskoari dagokionez, herri honek ez du lotsatzerik: itsasoak, harkaitz ederrek, dorre eraitsiak eta gotorleku zaharrak antzezleku baten itxura ematen diote. Pasaiako emazte ontzi-gidariak hain dira trebeak arraunean, non eta, 1660ean Medina de las Torres dukeak idatzi omen zuen, hauetako hamabi igorri zituztela Buen Retirora Felipe IV. a libertitzera. […]

San Pedron, beste aldean bezalaxe, biztanle guziak arrantzaleak dira; eliza aski ederra da […], eta gu ere bagoaz Pasaiatik, eta agur hau ez da dolugabea. Mareak La Herrera-raino joateko aukera ematen digu; herrialdea hobeki ikusiko dugu Donostiaraino oinez joanez gero. Laster heldu gara. Hemendik, Pasaiako portua zinez xarmagarria da. Azken so bat paisaia horri eta bidearen puntu gorenera heltzen gara, Mirakruz-era. Donostia dakusagu bere haitzaren oinetan. Hiri horren historia kontatuko dizut lehen harresia zeharkatu aitzin. […]

 

Comments powered by CComment