Blanche FEILLET HENNEBUTTE (Paris, 1815 – Biarritz, 1886)
Parisen 1815eko azaroaren 5ean sortua, Blanche pintura eta arte grafikoak ikasten hasi zen Pierre Feillet aitaren eta Pernotin aitatxiren ondoan. Familiarekin batera abiatu zen Madrilera 1829an, eta Baionara 1834an. Ahizpa Hélène ez bezala, guti pintatu eta marrazkira eta grabatura emana zen gehienbat. Alabaina, 1841ean Pariseko Saloian Eihera bateko ikuspegia Donibane Garazi aldean erakutsi zuen, eta 1848an, bi margolan: Naufragioa Biarritzeko arroketan, Baiona aldean eta Baionako Barraren sarrerako ikuspegia. 1857an Baionako Marrazki eta Pintura Eskolako zuzendari izendatu zuten. Harrez gain, Baionako Elkarte Filomatikoan ere apaintzeko marrazkigintza irakasten zuen.
Blanche Feillet Charles Henry Firmin Hennebutte-rekin ezkondu zen, Lapurdiko hiriburuan, 1844ko urtarrilaren 24an, eta bi seme izan zituzten: Henri Joseph Ernest (1845) eta Pierre Louis Gaston (1856). Hennebuttetarrak hasieran Baionako Galuperie karrikan bizi ziren; gero, Bourgneuf karrikan, eta geroago, Biarritzen.
Baionan 1818ko buruilaren 25ean sortua, Charles Hennebutte papergile huts izatetik muga politikoaren bi aldeetako Euskal Herriko lehen gidaliburu turistikoen argitaratzailea izatera iragan zen: 1851n Le Guide du Voyageur de Bayonne à Saint-Sébastien, eta 1852an Album des deux frontières, lehen zatia France titulukoa zuena, eta bigarrena, Espagne. Testuak Charlesek izkiriatzen zituen; ilustrazioak, aldiz, Blanchek egin marrazkietatik litografiatuak ziren, eta batzuetan baita Hélène Feillet-enak ere. Argitalpen haiek arrakasta handia izan zuten, eta behin baino gehiagotan berrargitaratu ziren, aldaerekin. Familia-enpresa bat zen, beraz: 1840ko hamarkadaren bukaeran hasi zen, hots, turismoa sortzen ari zen garaian, Description des environs de Bayonne liburuarekin.
Baionako Mediatekak Blanchek 1841n berunezko minaz egin Kanboko eliza bat gorde du, gerora eginen ziren argitalpenen iragarle. Hennebutte-ren eskaintza turistikoa ez zen mugatzen euskal kostaldeko ohiko Biarritz eta Donostia aurkeztera, ordurako bezero aristokratikoek opor-lekutzat hautatu berriak baitzituzten. Hiri industrialak ere marrazten zituzten, hala nola Tolosa, papergintza modernoaren sorleku orduantxe bilakatua; eta leku historikoak, Tomas Zumalakarregiren sortetxea, adibidez; bai eta erlijiosoak ere, Loiolako santutegia, kasu. Frantziako partean, ahizpak ez ziren nehoiz Lapurdi eta Baxenabarretik harago joan. Kanbo herria zuten kuttunetako bat. Paisaien eta herrien ilustrazioak ez ezik, garaiko baionesen eta euskaldunen ohiturak eta janzkerak ere irudikatzen zituzten. Feilletarrek txangoetan egin marrazki, ur-kolore eta akuarela ugari ez dira nehoiz argitara eman. Hortaz, haien lanen behar bezalako katalogo bat egiteke dago oraino.
Blanche Feillet 1886ko buruilaren 15ean zendu zen, bere "Berthe" etxaldean, Biarritzeko Nord karrikan.
testuaren kreditua: Baionako Euskal Museoa