Gaztelu berria, arsenala, Pannecau karrika, Errobi, Aturri, arrantza txalupak, merkantzia txalupak, San Leon iturria, Lissague iturria
Hirian sartzean, Gaztelu Berriaren aitzinetik pasatzen gara, bere izena nekez eramango duen eraikina, hain dira beltz eta hezeak bere hormak. Ikus ditzakezun bi dorre garaiak 1489an bukatu ziren, Carlos VIII. aren erregealdian. Bi dorreak lotzen zituen fortifikazio txiki baten oinarriak suntsitu zituztelarik, domina bat atxeman zuten hiriaren armak eta goiburua (Nunquam polluta) zeramatzana, baita 1480ko data. Goiburu horren jatorria oraindik ez da ezagutzen.
Baionako Arsenalak ez du interes falta eta bisita merezi du : armen gela Frantziako ederrenetako bat da. Auzoa ez da dirdiratsua, baina Pannecau karrika jendetsutik lehorreko portura goaz, han ontzi-gidari bat zain dugula.
Hemendik Baiona Ttipia eta Handia lotzen dituzten bi zubiak eta zubixka ikus ditzakegu. Hiria osoki zeharkatzen duen Errobik bere urak Aturikoekin nahastuko ditu, Gotorlekuaren oinetan. Erreka honetan itxura pitoreskoko ontziak dabiltza joan-jinka.
Ontzi bizkardun horretan, zeinaren eraikuntzak Noe-ren arka oroitarazten duen, gizon, emazte, haur, xahal, oilo, zerri eta abar ihaurri ziren, denak xanpaz ari. Gaua ibai gainean igaro eta, Errobitik jaitsi eta Aturritik goiti eginen du, eta haizearen laguntzaz, Akizera, Akamarrera edo Peyrehorade-era helduko da. Ontziaren barnealdea zinez bitxia da : bidaiariak, batzuk kantuz, besteak kartetan ari, beste batzuk, hauek aberatsak dira, lastairetan nolanahi etzanak, batzuetan merkantziak bezala metatuak ; emazteek iruten edo trikotatzen dute. Beharrik linterna xume hark zalaparta guzi hori zaintzen duela.
Txalupa luze eta hertsi horretan, indiano baten piragua dirudien ontzi arrunta baino, Ameriketako ibai batean zaudela pentsatuko duzu. Horra hor bat, Kanbotik datorkiguna ; gizon bakar batek gidatzen du, alta, lur xuriz eta paketez ongi kargatua du. Goizean, pertolak gezi baten abiaduran jaitsi zituen ; bi oren eman ditu etortzeko, eta sei edo zazpi beharko ditu berriz goiti itzultzeko.
Beste txalupa hauek, aitzinean eta gibelean aire-emaile itxura dutenak arrantza txalupak dira : biziki zaharrak dira eta nagusiki Baionan ikusten dira. Txalupariak kantu herrikoietan aipatzen dira. Ontzi-gidaria bakarrik da ; begira zein errex mugitzen dituen bere arraunak, beso bat bestearen gainetik gurutzatuz txaluparen gibelaldean.
Ontzi zapal handi horiek, branka altxatua eta gibela karratua dute. Gibelean zenbait metro luzeko arraun bat dute. Mont-de-Marsan-eko « galupe » deituriko merkantzia ontziak dira : ureko garraioa da.
Zure jakinminak beste elikagairik nahi al du ? Jo dezagun Errobitik gora, segi nezazu eskuinean ikusten duzun domo horretara, gurutze txiki batez koroatua dena : hau legenda aipatu dizudan San Leon iturri famatua da(1). Zeharka dezagun erreka, eta zure begiek monumentua aski ikusi baitute, segi dezagun bidexka horretatik, eta Lissague iturri freskora helduko gara. Itzalean da eta ezagutzen duzun Belzuntzeko gatazkaren drama izigarriaren lekua izan zen(2).
Zure ikusmina asetua dea ? Jaitsi gaitezen Errobitik eta lurrera gaitezen bihien portuan; karrika hau biziki berezia da, bere hegazpeekin, zurezko aldeak dituzten etxeekin eta ezkila dorre menderatzailearekin.
(1) ikus dokumentu osoa, 2. orrian
(2) ikus dokumentu osoa, 6. orrian