Portua, zitadela, presondegia, Andra Mari eliza
Erregulartasuna baino pitoreskoa nahiago baduzu, goazen portu aldera. Arku baten azpitik igaro behar dugu arrain eta mundrunaren usain adierazgarriekin. Ontzi horiek ikustean dolu zaigu handiagoak ez izatea, eta portua zabal eta sakonagoa ez izatea, ontzi handi batzuei babesa eskaintzeko. Badian balantza etengabean dabilen hiru mastako ontziak geriza gutti izango luke Santa Klara uharte txikiaren gibelean itsasoa harrotuko balitz. Berrikitan, ontzi bat hautsi da hondartza leun horretan, bainulari horiek uretan jostetan dauden leku berean. Alta, ez da badia hori baino ikuspegi lasaigarriagorik!
Pausatua bazira, igo gaitezen zitadelara: zuhaitzek ibilbide xarmagarria eskaintzen digute hiriaren gainetik; igo arau hain eder agertzen zaizkigun mendiak; lerro hain zabal, hain handiak, zinez ederra da hau dena. Ezkerrean badia menderatzen duen bateria alde batera utzi eta Damen bateria zeharkatuko dugu. […] Zitadela edo Motako Gaztelura igotzeko indarrik baldin baduzu, segi dezagun; itsas bazterreko arroka horiek hurbilagotik ikus ditzakegu: igotzea zaila baino nekagarriagoa da. Heldu gira.
Ez duzu ulertzen zergatik ate gaineko burdin hesi horretatik saski txiki bat jaisten den soka bati loturik. Preso batek iristen ikusi gaitu: bere sarea botatzen du, gizon gaixoak; guttitan ez da aditzen bere deia. Laurden batzuekin presoaldia arinduko diogu. Eskertzeko, hauxe erranen dizu: “Bedeinkatua bedi mundura ekarri zaituen ama”.
Plazerrez aldatzeko, hiria eta portua zure oinetan ikusiko dituzularik, iparraldetik jaitsiko gira. Bidea oihantsuagoa da, arbolek etxeak menderatzen dituzte, Pasaiako portuan bezala. […]