Itsas Ibilbideak, Blanc-Pignon, Pinudiak, Aturri

Eguna onetik hasten da : haizea ekialdetik ari da, ontziak itsasoratuko dira ; gogoa ematen du. Goazen Itsas ibilbidera. Aturri bazterreko ibilbide zabal eta eder hau, 1727an hasi zen ontzien pisu-galiarekin, et gaur egun hala segituz, Europako ederrenetako bat izateko xedea du. Iguzki izpiak ezin zeharkatuzko oihantxoa da ; bere bistak, paisaiek, errekan goiti edo beheiti etengabe dabiltzan ontziek, eta une oro dabilen brisa goxoak, ameslarien txoko kuttun bilakatzen dute. Ez da hain aspaldi, gaur ibilbide bazterreko izigarri garbiki landutako lurrak, ihiztoka higuingarriak besterik ez ziren. Blanc-Pignon-en gaude. Jar giten pinu hauen pean, pinudia zeharkatu aitzin.

Hemendik, Aturrik zubi berriak poztutako urmaela dirudi. Ezkerrean Santa Izpiritu menderatzen duen Zitadela ; eskuinean, katedral zaharraren itxura iluna bazter berdeetatik nabarmentzen da ; zerumugan, urdin politez jantziriko mendiak, aran bakoitzetik altxatzen den lanbro fin horren artetik : guzti horrek begiak nekez utz dezakeen panorama bat osatzen du.

Nondik datorkigu baina brisak dakarren usain hori ? Bedatsea gogoratzen diguten arrosa kolore apaleko izar horietatik.

Segi dezagun aitzina, eguzkia goregi izan baino lehen, bero handia izanen baita pinu hauen azpian. Hau, Baionako neguko baratzea da, xarma zerbait baduena, ezen haizeari buru egin baitiezaiokegu pinuen gerizan.

Ibaiaren bertze aldean, Bokaletik hurbil, lurrin ontzia atzartzen ari da; bere kean murgildua dugu ateratzeko zain. Erna gaitezen eta bidexka hau segi dezagun ote eta orreak saihesteko; hemen krabelinen usain goxoaren ordez errexinaren urrin karmina dugu nagusi. Zistez, mandobelarrez, otaberaz eta astoarrosaz osaturiko sasi horiek, belar finarekin nahasirik begiak loriatzen dituzte.

Ez al dira ederrak bi zuhaitz motots hauen artetik ageri zaizkigun bi txalupak, ur gainean balantzaka, nola antxetak itsasoan ? […]

Geldi gaitezen. Irteera bandera ezarri dute seinale dorrearen gainean; ontziek, belak erdi tinkaturik, tiratuko dituen lurrin ontzia goaitatzen dute. Hiru dira: forma eleganteko brick bat mastak gibelka bildurik, ontziolatik atera berri den hiru mastako ontzia, eta goleta txiki bat.