Antzokia, gozotegia, hondartza, San Telmo monastegia, Serenoak

Itzul gaitezen berriz plazara, arkupean kafetegiak badira. Ez dugu ahantzi behar antzokia bisitatzea, ezen txikia izanik ere, aski pinpirina baita. Ondotik, gozotegian(1), Frantzian biziki atsegin ditugun eta kopuru handian eraman behar ditugun, bixkotxa glazatuak eta fruitu konfitatuak ditugu.

Hondartza bisita dezagun. Ikusten dituzu, oihalezko etxola horiek, eta bertze hauek zurez eginak eta erroten gainean pausatuak? Zaldi bat lotzen diote eta etxeak uhaina segitzen du. Bainulari hauek gehienak Madrildarrak dira. Bero handietan handik joaten dira eta Donostian elkartzen dira, non itsasoko brisak tenperaturak jasangarriago egiten dituen. Bainuen garaian hiriak besta giroa hartzen du: gaualdiak edo tertuliak biziki ongi antolatuak eta alaiak dira; Frantzian baino etiketa guttiago ageri da: familia bilkurak dirudite. […]

Pena da ez baituzu egonaldia bihar arte luzatzen ahal. Serenoak edo gaueko oihukariak ezagutuko zenituen. Janzkera pitoreskoa dute; beroki marroi luzea daramate, alde batean ziri batekin altxatua, zeinaren puntan argia lotzen duten. Gauean ordua eta eguraldia errateko botatzen dituzten oihuek badute jite latz bat.

 

(1) IO: jatorrizko testuan “Confiteria”)