Aurkezpen orokorra, Mayou zubia, jostunak eta “paciega”k

BAIONA, Errobi eta Aturriren(1) juntan, Hegoaldeko(2) hiri atsegin eta animatuenetakoa da. Bere populazioa, 18 000 arima inguru, ez dator bat bere kokapen geografikoak ematen dion garrantziarekin. Portu biziki polita da ; eta eguzkia sartzen delarik, Bordeletik datorren bidaiariak, Landa hondartsu eta tristeak, pinudiak, brana eta ote zelaidiak zeharkatu ondotik, Saint-Etienne-ko gainetik hiriaren isla ikusten duelarik uren gainean, Santa Izpiritu auzoarekin lotzen duen zubi monumental hura, arbolez, landa etxez eta baratzez estalitako mazelak ; milaka plano non artistaren begiek xarmaturik atseden hartzen duten, eta eguzkiak sartzean isurtzen duen urre errauts eder hura ; eta mendi zerumuga batean bukaturik, giro beroan Pic du Midi-ko kaskoa ikustean, betiereko elurrez xuritua, eta Mundarrain, Larrun, Aiako harriak, eta azkenik itsasora erortzen den Jaizkibel ; gauza guzi hauek ikusirik bidaiaria leku zoriontsu horretako erregina ezagutzeko irrikaz gelditzen da.

Mayou zubitik sartzean, gehienetan balkoiez jositako etxez animaturiko karriken itxura zinez ederra da ; atzerriko hizkuntzan idatzitako seinaleek Baionari hiri espainiar baten kutsua ematen diote. Kanpotiarra harriturik gelditzen da jantzien aniztasunaren aitzinean.

Begira, saltoki hain dotore horietatik jalgitzen diren andere horiek : batzuk buruko zapi graziatsuekin ; besteak hori, gorri eta urdin koloreko sorbalda oihalekin ; mandozain horiek ; kobre koloredun Aragonesak ; zapi batekin lakrikuntasunez orrazturiko neska gazte multzo hura. Politak dira, ezta ? Horko moda jostunak dira. Hau da lanetik ateratzen diren tenorea. Jite graziatsuak, gerri finak, oldarkeria eta irmotasun kutsu batekoak ikusi nahi badituzu, zatoz igandean Arma-plaza Berrira.

Zer deritzozu paciega hauetaz, beren tratuez hain kezkatuak ? Euskaldun horri soineko eta trapu zaharrak erosten dizkiote. Ikusi al duzu eskuinekoa ? Harrigarria, ezta, etengabeko bilintzi-balantza hura ; urrats bat aitzina eta beste bat gibelka : begira zer nolako saskia daraman bizkarrean. Bere adiskideak trapu beltzeko meta bat darama ; lehenaren zama baliosagoa da, ezen merkantzien gainean haur lodi bat dagoelako ; egun saskian bihar mendian bezain gustura dago, amak erosketak egin eta herrira itzuliko delarik.

Hemen biarnesak begi bizi eta izpirituala du, euskaldunak ordea bizkorra eta harro. Hizkuntza hain desberdinetan egiten diren eleketek bizi eta berezitasuna ematen diete talde hauei.

 

(1) Errobi, Donibane Garazitik 3 neurrira sortzen da eta Aturri Goi Pirinioetako mendietan, Trémoula-n.

(2) IO : jatorrizko testuan « Midi »