Itsasargia, Maitasunaren ganbara
Arroken gainean eraikia den monumentu honek 47 metro gora ditu ; eklipse argi hau laguntza handikoa da hainbeste korronte dituen kostalde honetan. Gauez, ekaitzak jotzen duelarik, uhain gaiztoek arramantza pizua egiten dutelarik, Itsasargia ortzikaratik jalgitzen da, inguma bat bezala, eta bere argi lasaigarri eta onegilea hedatzen du, itsas ontziak kostaren arriskuez abisatzeko. Gaineko galeriako ikuspegia gomendatzen dizut.
Bihar, hondar hori fin-finez osatu eta indarrez metaturiko haitz hauetara itzuliko gara, kopuru handietan dauden numuliteak biltzera.
Itsasargiaren zola osatzen duen arrokatik minutu batzuetara, hondartza segituz, Maitasunaren ganbarara heltzen gara. Izen horrek, arrantzaleek supazterrean, haizea ate azpitik ziztuka sartzen denean eta urrunean ekaitzak jotzen duenean kontatzen duten ipuin bat dakarkit gogora.
Honelako gau batez, Saubade ederra, Angeluko neska, eta Laorens Euskalduna, biak maitale segurregiak baitziren, lezean loak hartu zituen. Haien oinetaraino iritsi zen uhain gaizto batek atzarri zituen; ihes egin nahi izan zuten, baina berantegi zen: haitza inguraturik zegoen, uhainak gero eta bortitzagoak, eta agonia luze baten ondotik, hatsantu ziren. Biharamunean bata besteari hertsiki besarkaturik atzeman zituzten.
Geroztik, Maitasunaren Ganabara izena eman zitzaion lezeari(1). Ikustekoa da bere izariarengatik. […]
(1) Lezea luzaz tapatua izan da, eta husteko lanak abiatuak dira.