Konferentziaren uhartea, Jaizkibel, Aiako harria, eliza, plaza, udal etxea, ogi espainola, garbantzuak, eltzea, txorizoa, Nafarroako arnoa
Orain zubia zeharkatuko dugu. Begira, itxurak, koloreak, eta zer diferentziak gure soldadu eta soldadu espainolen artean: kontraste harrigarria. Bidasoa ikusten dugu; jaisten duen arana Nafarroan sartu arau hertsitzen da.
Aran horren idortasunak bistak tristetzen ditu, baina, aski laster haritz eta gaztainondoz jositako mendiak agertuko dira. Erreka horren bokalearen aldean, uharte graziatsuak ditugu, landuak eta landaretzaz beteak. Uren artetik ateratzen dira: gugandik hurbilena, Konpantzia, Konferentziaren uharte ospetsua da. Urrunean, Hondarribia dakusgu Jaizkibelen oinetan.
Gipuzkoako probintzian sartzean lehen hiri espainiarra Irun da (Hiri Ona erran nahi duena)(1), Jaizkibel edo Olearson eta Aiako Harriaren(2) artean kokatua. […]
Irungo plaza aski zabala da. Etxe ederrak ditu, arkitektura oneko udal etxea, eta gertakari handi batzuen omenezko zutabe bat. […]
4000 arimako hiri txiki horretan bizi eta mugimendu franko bada. Errepide nagusiak eta aduanaren bulegoak garrantzia zerbait ematen diote. Begira neska gazte talde horiek, trentza luzeekin; apez hura bazterrak biribilkaturik dituen kaperu erraldoi horrekin; andere horiek mantilla graziatsuaz orraztuak. Mantilla hura Espainia barnealdean ere aurkituko dugu: Irunetik Pausura mundu oso bat dago.
Herriko sukaldaritzaren adibide bat emateko, Hondarribiara(3) abiatu aitzin afalduko gira. Espainiako ogia gurea baino askoz tinkatuagoa da; urre koloreko azal leuna, xuri-xuria, biziki ona da. Garbantzuek (ilar lodi batzuk bezalakoak), eltzeak(4) aza eta saldaz osatua, eta txorizoak (lukainka moduko bat) osatzen dute oinarrizko apairua. Nafarroako arnoa, bere pellejo (larru) zaporearekin, eta olioa, kalitate bikainekoa, baina usain azkarrekoa, ez dituzu maite: banekien.
(1) IO: jatorrizko testuan "(qui signifie Bon Lieu)"
(2) Jaizkibel-en goratasuna, 556 metro. Aia edo Trois Couronnes, 1 000 metro.
(3) Etcheandia hotela.
(4) IO: jatorrizko testuan "puchero", baina tresnaz baino gehiago edukiaz ari da