Euskal jantziak, espartinak, makila, bainuen eraikina, ur burdinezkoa

Gidaria freskatu da. Kanboko malda igan behar dugu; biziki nekagarria da. Horregatik hartu dugu atseden. Baina, zingaren hotsak helmugara heltzen ari garela adierazten du; ibilbide estali honek Kanbora garamatza.

Hiri txiki hau ordoki baten gainean eraiki izan da, eta Errobiz beste aldean den Behereko Plaza menderatzen du. Menditik hurbil ederki kokatua da, landare zolaz, muino politez, ibilbide zoragarriez inguratua da eta arnasten dugun airea garbia da. Hain da garbia non lekuko ur onei onartzen zaizkien sendatzeko gaitasunetan zer ikustekorik izan behar duen. Biztanleak beren itxura osasuntsuan ezagutzen dira; badirudi beren ibilera harro eta segurrak antzinako Kantabroen indarra atxiki duela.

Begira Euskaldun gazte hori bere neska lagunaren gerrian eskua emanik ibiltzen dena: bere emaztegaia daiteke; eta artzain hura dalmatika beltzez jantzia, txano puntadunarekin eta hegal luzeekin; bidelagun duen gurdizain hori, artile ilunez eginiko galtzerdiekin zeinak klosken gainetik erortzen zaizkion. Gibeletik doazkien jende gazteen jantziak dotoreagoak dira: txapela urdinak, belusezko jakak, espartinak eta makila(1) nazionala. Beltzez jantziriko emazte horiek elizara doaz. Denak erakusten digu mendien lehen maldetan gaudela. Eta hori Pirinioetan sartzen hasiak garela berresten duen gauza da, itxura zuzen eta ideki hori, mendiko etxean ongi etorria zarela erraten dizuna. Zuk frogatzen ahalko duzun harrera horren adeitasunak ohitura patriarkalak oroitarazten ditu.

Kanbora ere, Biarritzera bezala, urtean bitan atzerritarrak heldu dira eta herria hiri txiki elegante bihurtzen da. Bainuen establezimenduko jabe den Fagalde Jaunaren prestutasuna; bere bezeroei eskaintzen dizkien artak eta haiek libertitzeko egiten duen guzia, Kanboko ur beroen onurei gehituz, urtez urte gero eta bidaiari gehiago inguratzen da Kanbora; herri txiki honen ospeak gora baizik ez dezake egin.

Bainuen eraikina Errobi bazterrean ongi kokatua da. Bere itxura bereziarekin tenplu txiki bat dirudi, eta ingurukoen artean desberdina da. Biribilgune erdi baten inguruan hamaika kabinete daude; ur burdinezkoaren iturria errekaren parean da, galeria baten azpian. Kondairen arabera, Jon Donibane bezperan, gauerditan, inguruetako Euskal gizon eta emazteak etortzen omen dira bi sorgietan osasun hartzera.

Errobi segituz, zuhaitzez markaturiko ibilbide eder batzuek ur burdinezkoaren iturrira garamatzate. Iturria lau zutaberen gainean pausaturiko aterpe baten azpian gerizatua da. Ur burdinezkoak arraultza txitatu baten gustua du; bere tenperatura 22 eta 25 gradu zentigradu artean kokatzen da; burdinezko ezaugarriak laster galtzen ditu eta kontserbatzeko ongi hetsi behar da; argiak ez dio kalterik egiten.

« Salaignac Jaunaren arabera : Kanboko ur burndinezkoa argia eta koloregabea da; zaporeak burdina adierazten du baina ez da garratza. Ur horren tenperatura 15 eta 16 gradu zentigradu artekoa da. Bere berezko astuntasuna Baumé-ren aerometroan doi-doia ageri da; horrek substantzia salino gutti duela erakusten du. » 

 

(1) Muturrean burdinez bukaturiko mizpirondo adarra.