Bidasoa, zubia, Mazarin, San Martzial, aduana, kontrabandoa

Mugako azken herria, Bidasoa bazterrean, Frantzia eta Espainia banatzen dituen erreka. Erreka hau Otanburdi, Otsondo, Autza, Ariete, Izpegi eta Urritxikia (Pirinio mendi lerroa) mendietan sortzen da, Baztango (Nafarroa) aranaren inguruan. 60 kilometro inguruko luzera du; itsasora heltzean zabaltzen da, alde batean Hondarribia eta bestean Hendaia dituela.

Erreka honen izena hain da zaharra non 1027an jadanik aipatua den, Iruñeko apezpikuaren idazki batean. Lehen, osoki Espainiarena zen, eta horregatik hainbat auzi izan zen Urtubia eta Hendaiako etxeekin. Bi aldeak lotzeko, frantsesek zubi bat eraiki zuten 1825ean. Eta horren erdia Espainiari eman zioten. Zubi horretatik hurbil Konferentziaren uhartea dugu. Hor izan zuten Luis XI. ak eta Enrike IV. a Gaztelako erregeak haien arteko konferentzia. Espainiarrak harriturik gelditu ziren Frantses erregearen jantzi xumeak ikustean, eta historialarien arabera, Luis XI. ak Espainiako erregeari itsas goran ur pean zeuden eremu guziak aitortu zizkion.

1660ean, Mazarin kardinalak ere elkarrizketa bat izan zuen Don Luis de Haro-rekin, Filipe-n alabaren eta Luis XIV. aren arteko ezkontza adosteko. Elkarrizketa horretarako uhartean ezarri zituzten bi etxolen apainketa lanetan ari zela, Velazquez margolari ospetsuak bat bateko sukarrak izan zituen eta hilobira eraman zuten.

Parean, mendi kaskoan, San Martzial ermita : 1522an, San Martzial egunez, espainiarrek frantsesen kontra lortutako garaipenaren oroimenez egina izan zen. 1813ko agorrilaren 31an, Reille generalak eta Clausel kondeak aldi berean eraso egin zioten: batek lortu zuen, besteak aldiz arrunt huts egin zuen.

Zubian gaude, eta komisario bereziak Espainiara sartzeko gure pasaporteak begiratzen dituen bitartean, kontrabandoari buruz hitz eman azalpenak emanen dizkizut. Kontrabandoak Pausuko herritarrei bizi zerbait ematen die. Aberatsa edo pobrea izan, hemen denak sartuak dire komertzio horretan. Aberatsak bere etxe barneko luxua edo jantziak hobetzeko, denen begietara egiten du kontrabandoa; pobreak, bere emazte eta haurrei jatekoa emateko, gordeka egiten du: kartzelara zigortua izan daiteke eta bere bizia arriskuan ezartzen du, ezen karabineroek ez baitute huts egiten. Gauaz bidaiatzen du. […]

Azken agur bat Frantziari, Gipuzkoan sartzen gara.

Irunera sartu aitzin, beren pribilegioak atxikitzeko, eta arrazoia bazuten hauetaz harro egoteko, luzaz borrokatu duten Euskal probintziez hitz batzuk erranen dizkizut. Beren instituzioak ezagutuko dituzularik, duten askatasuna, eskuzabaltasuna, debozioa eta hauek ordezkatzen dituzten gizonen filantropia, onartuko duzu, ozenegi erran gabe, nazio handi bateko Estatu gizonek ikaspen zuhur zenbait har lezaketela hauetatik.