Herriko Etxea, Suprefetura, Antzokia, Aduanaren egoitza, Mayou zubia, Frantziako atea, gotorlekuko atea, Boufflers ibilbidea, Mosoeleta, Ospitale Militarra

Gure lehen bisita, nahi baduzu, Arma-plaza eta Askatasunaren plazan den monumentura eginen dugu. Eraikin berean bilduak dira, Herriko Etxea, Suprefetura, Antzokia eta Aduanaren egoitza.

Ez du arkitektura berezirik eskaintzen ; antzokiaren barnealdeak soilik du bisita bat merezi. Areto polit horri merezi zituen laudorioak ordaindu eta, zeharka dezagun Mayou zubia eta goazen Frantziako atera (edo gotorlekukora), segi dezagun Boufflers ibilbidetik Mosoeletaraino, eta bidean goazela, so egin diezaiogun Ospitale Militarrari.

Antzina, Santa Izpiritun baziren orain urte batzuk abandonatuak izan diren ontziola bat eta marinako arsenal aski garrantzitsu bat. Ez da gehiago ontzirik egiten Estatuarentzat, nahiz eta frogatua den hiri honetan eraikitzea koska bat merkeago zela, egunaren eta zuraren prezio apalengatik. Baionako ontzi-egileek beren jeinuzko ospea ez dute galdu ordea ; eta egunero Boufflers ibilbideko ontziolatik Bordele, Marseilla eta Le Hâvre portuetarako ontziak ateratzen dira. Ibilbide horietatik segituz, ikus ditzakegu ontzi kroskoak lehorreko ontzi-lekuetan, non langileak gogotsu ari diren lanean.

Mosoeletako atetik aterako gara, Hiriburuko etorbidea eskuinean utziaz. Hiriburu etxez eta maizter-etxez osaturiko herri polita da. Eta ibilbide estali hori hartuko dugu. Mosoeletan gaude. Hemen da Chalosse, Armagnac eta Mont-de-Marsan-eko aguardienten biltegia. Horra Akize eta Peyrehorade artean zerbitzu egiten duen lurrin-ontzia. Denboraz banabil, gogotik joanen naiz zuekin Bidaxunera Grammont gazteluko hondarkinak bisitatzera.

 

Comments powered by CComment