Euskal Herriko turista fabrika - Feillet ahizpen obraren zati bat (1840-1865)

Florence Calame-Levert, Evreux-ko Musée d'Art, Histoire et Archéologie-ko zuzendari eta Ondare kontserbatzaileak idatzitako testu hau 2012ko lehen urte erdiko Bulletin du Musée Basque n°179 boletinan agertu zen. Autorearen baimenarekin agertzen da hemen, zati desberdinetan moztua.

"Biarritzen bainatzea, Dieppe, Le Havre edo Tréport-en bainatzea bezala da, baina zeru urdin eta klima goxo horrek onartzen duten halako askatasun batekin"
Victor Hugo, 1843


Familia enpresa bat

Hélène Feillet (1812-1889) eta Blanche Feillet-Hennebutte (1815-1886) artistek heien aita, Pierre Feillet, izan zuten maisu. Hélène-k Pariseko Saloian erakusketak egiten zituen 1836 eta 1848 artean, eta margolari ospetsua bilakaturik bere aitak zuzentzen zuen Baionako marrazki eskolako zuzendari izan zen, aitaren segida harturik. Baionan, luzaz ezaguna izan da “L’arrivée à Bayonne de M. le Duc et Mme la Duchesse d’Orléans” (Orléans-eko Duke eta Dukesa Baionara heltzen) (1839) margolanari esker: Euskal Museoko gela egonkorretan ikusgai den olioa oihal gainean. Blanche ez zen hain ospetsua eta litografietan espezializatu zen (paisaiak eta arkitektura irudiak). Bere ahizpak ere halakorik egiten zuen.

1840-1850 urteetan, ahizpak elkarrekin doaz Ipar eta Hego Euskal Herriko paisaiak, hiriak, herriak eta biztanleak ezagutzera. Ateraldi horietan ikusten dutena marrazten dute, lekuan berean. Zirrimarra horiek 1850 urteetan, Charles-Henri Hennebutte-enean agertuko ziren litografia batzuetarako oinarri izan ziren. Gizon hau, ahizpa gazteenaren senarra zena, Baionako inprimatzaile eta argitaratzailea zen. “Album des deux frontières”  (Bi mugetako albuma) deituriko bilduma Blanche-n litografiez osatua da eta Euskal Probintzietako, batik bat Lapurdi eta Gipuzkoako hiri eta monumentu aipagarriak erakusten ditu. Bilduma hau behin eta berriz berrargitaratua izan zen. Argitalpen horietako batean Charles-Henri Hennebutte-n testu bat gehitua izan zen, ohar historikoak eta lekuen deskribapena(1) eginez. Bi ahizpek elkarrekin « Description des environs de Bayonne » (Baiona inguruetako deskribapena ) eta « Guide du voyageur de Bayonne à Saint-Sébastien » (Bidaiariaren gida liburua Baionatik Donostiara) (1.irudia) lanetan parte hartu zuten. Lan hauetan Bi mugetako albumeko litografia batzuk hartzen dituzte. Irudi hauei, Charles-Henri Hennebutte-k testuak erantsi zizkien, gako historikoak, baita bizi moduari buruzko anekdotak emanez. Gainera, bidaiariari gomendioak ematen dizkio bere bizipenak partekatuz. Guztia Hélène Feillet-en lanez aberastua da, testuan bertan txertaturik, eta Charles-ek bere deskribapenetan ematen dituen bidaiaren ustekabeez gozatzeko gomitari irudia ematen diote.

Hennebutte bikotearen litografia eta argitalpen enpresa, zeinean Hélène-k esku hartzen duen, XIX. mendeko(2) Euskal Herriko turismoaren abiatzearen testuinguruan kokatzen da. Bikoteak, sortzen ari den turismo ekonomia batetik ateratzen ditu bere irabaziak. Charles-ek Baionatik pasatzen diren bidaiariei gida liburuak saltzen dizkie. Argitalpenak aholkuz josiak dira. Bestalde, atseginak egiten dira bidaia kontakizunen erretorika propio baten eredua eskaintzen dutelako. Eta azkenik, jendeak gustukoak ditu ere bidaia bukatzean oroitzapen objektu bilakatzen direlako.

Hélène, Blanche eta Charles gidak bilakatzen dira, eta beren bezeria burgesaren kode kulturalak ongi ezaguturik eta horietara egokiturik, eskaintzen zizkieten ikusmolde, arrangura eta aholkuak biziki preziatuak ziren. Euskal Herrian bizi arren, ez zituzten barnealdeko eta kostaldeko jendeen, laborarien, mendiko jendeen eta arrantzaleen bizi modu berak. Euskal kostaldera oporretara datozen burges eta aristokratak bezain urrun daude egoera hauetatik. XIX. mende hartan, hurbileko exotismoarentzako zaletasun handia piztu zen bidaiari, oporretan zetozen atzerritar, hirietako burges baita eskualdekoen artean ere. Hauek lekuko historia eta jantzien irudikapenak(3) atsegin zituzten. Haiei ere zuzenduak dira argitalpen hauek. 1851ko urrian, « Les Provinces Basques Illustrées, Vues et Costumes » (Euskal Probintziak Irudikatuak, Ikuspegiak eta Jantziak ) bildumaren lehen zenbakia jalgi zen. Hortan ere bi ahizpek parte hartu zuten. Berrogei zenbakitan argitaratu zen, hots bat edo bi astean, eta bildumentzako zegoen irrikari ihardesten zioten. Harpidetzen bidez, bi aldeak engaiatzen ziren, eta zaleak bilduma osoa eskuratzeko bermea zuen eta argitaratzaileari bere lanaren bideragarritasun ekonomikoa segurtatzen zion. 

(1) Datarik gabe, « Album des deux frontières » behin eta berriz argitaratua izan da eta argitalpen bakoitza desberdina da. Bi ale atxiki dira Baionako Euskal Museoan (E2233.0 eta 72.29.104.0) Carmen Garcia de Ysla-k eta François Faure-k emanik

(2) XVIII. mende bukaeran agertu zen litografia. Leuneko inprimatze teknika bat da, grabatura baino errazagoa, eta marrazkiak eskala handian erreproduzitzeko aukera ematen duena, prezio onean. 1820tik goiti modan jartzen diren bidaia kontakizunen bildumei irudiak ematen dizkie, hala nola Taylor Baroiaren eta Charles Nodier-en Voyages Pittoresques et romantiques dans l’ancienne France famatua. Argitalpen merkeagoak ahalbidetuz, litografia argitalpen turistikoetan nagusitu zen.

(3) Atlas-ak eta jantzi liburuak XVI. mendetik existitzen dira. Euskal Museoan, Venezzia-ko Enea Vico-ren (1523-1567) estanpatuak kontserbatzen dituzte. Horretan, Donibane Lohizuneko emazte jantziak erakusten dira. Tradizio hau asko garatu zen XVIII. mende erditsutan (artistek margolarientzako errepertorioak osatzen dituzte, bildumazaleentzako grabatuak izateko). Baina eskualdeko jantzien urrezko aroa 1820 eta 1840 artean kokatzen da.


Bide bazterreko alteritatea

Hélène Heillet-en "La jeune fille biarrote"-k [Biarritzeko neska gaztea] Baiona eta Biarritzeko merkatuetara arraina saltzera zioan sardina saltzailearen estereotipoaren eraikuntzan parte hartu zuen(4). Amildegiaren hegian irudikatua da, behealdean, itsasoan eta portuan zer gertatzen den ikusteko makurturik. Neska gazte horrek neska maitemindua gorpuzten du; maiteminduta dagoen eta ezkonduko duen marinelaren joan etorriak zaintzen dituen neska gaztea. Irudi honek burgesek itsasoko jendeaz duten irudimena azkartzen du, bereziki endogamoak direla.

Nortasun bat ere adierazten du : neska gazteak amildegi gainean arriskuak hartzen ditu, arroka baten sendotasunari konfiantza eginez, eta itsas bazterreko bidexketan oin hutsik ibiltzeko askatasun osoa du. Ikuspegia gainetik hartua denez, bere saskiaren barnekoa ikus daiteke, eta horrekin uler dezakegu neska gaztea sardina saltzailea dela. Baliabide gutxirekin, Hélène Feillet-ek pertsonaia horren alteritate sakona adierazten du. Muturreko alteritate horren adierazle dira, bere janzkera, ogibideak ematen dion naturarekiko harremana, ezkontzeko dituen asmo bereziak, baita gorputza, arriskua eta moralarekiko duen harremana, hots guzti hauek burges klaseetako neska gazteen jokamolde egokien arau urraketak direnak. « Provinces basques illustrées » (Euskal probintziak iruditan) bildumako litografiak, garai hartako besteak bezala, XIX. mende(5) hasierako jantzi irudietatik aldentzen dira, eszenatokia eskaintzen dutelako. Ez dira jantziak, beste gaiak eta pertsonaren estatusaren tresna enblematikoak soilik deskribatzen. Helburua istorio bat kontatzea da ere. Lan hauek subjektuaren istorioa adierazten dute, noski, baita artistak eta bere bezeriak hortaz duten irudimena ere ; bereizketa hori eginez, haien istorioa ere adierazten dute.

"Azcoitia et ses environs" [Azkoitia eta inguruak] marrazkian Blanche Hennebutte-k hiriko emazte gazte bat mendigunean paseoan eta Hego Euskal Herriko nekazariak erakusten ditu. Segurrenik, litografia honen prestatzeko zirrimarra lekuan egina izan zen eskualde horretan eginiko ibilaldi baten karietara. Pentsa dezakegu ezkerreko emaztea Hélène Feillet dela. Hélène Feillet-ek bere burua marraztu zuen “L’arrivée à Bayonne de M. le Duc et Mme la Duchesse d’Orléans” (1839) margolanean eta horregatik pentsa dezakegu hartan ere bere burua dela agertzen. Pentsatzen dugu bi ahizpek usu egiten zutela ariketa hori.

Gizonak Hego Euskal Herriko laborari jantziak daramatza: txapela, litografia horren bertsioen arabera urdina edo gorria da -errealitatean bezala-, zeta gorrizko gerrikoa eta kalamuzko sokaz eginiko eta gainean kotoi oihalez estalitako espartinak (abarkak). Eskuan makila(6) du, Euskaldunen makil berezia. Ondoan duen emazteak ere leku horretako nekazari jantziak ditu : koloreak biziak dira, sorbalda oihala dabantalaren gerrian sartua du, lokarriko espartinak ditu eta buru gainean korapilatua emazte ezkonduak bereizten dituen zapi txuria du (sabanilla). Gure aburuz, Hélène Feillet artistak berak neska ibiltaria gorpuzten du. Bere estatusa agerian ezartzen du trikimailu batzuen bidez : ibili duen bidea ezkerrean du eta bere jarreraren dinamismoa (oin bat aitzinatua eta makila diagonalean) ez da nekazariek dutena (emazteak besoa hesian pausatua du eta gizona bi zangoen gainean plantatua, besoak gurutzaturik). Halere, ohartu behar dugu Hélène-en jantzia ez dela emazte laborariarenetik hain desberdina : sorbalda oihal bera berdin daramate, gona luze bera dute, baina dabantalik gabe. Gainera, euskal neska gazte laboraria izan balitz, Hélène ez litzateke beste modu batera orraztua izango. Hélèné-k eskualdeko neska gazte ezkongabeek dituzten trentza berak ditu. Irudi horretan, emazte gaztea hortik igarotzen den ibiltaria da; baina aldi berean, ezagutzera doan lekuko jendeen artean nahas daiteke. Feillet ahizpek klase sozialeko keinuekin jokaten dute eta balizko anbiguotasunekin ere. Eta zer erranik ez, Hélènek eskuan daraman ibiltariaren makilaz. Gizonak duen makilaren antzekoa da, hots gizonak gizartean duen lekua adierazten duena.

Serie horretako beste litografia batek jatorrizko nortasunak nahasteko joera hori azkartzen du, ibiltaria ezagutzera doan jendeekin asimilatzearena, alegia. Hori da Hélène Feillet-en "Pêcheuses de Saint-Jean-de-Luz" [Donibane Lohizuneko emazte arrantzaleak]. Erlaitza bazterrean hiru emazte irudikatuak dira. Haietako bi zutik daude, bata bizkarrez eta bestea parez, sardina saltzaile jantzi eta tresnekin: lastozko txapela bizkarrean, saski zapala buru gainean eta oin hutsik. Hirugarren emaztea belauniko dago erlaitzaren bazterrean. Marrazkiak ez du argi ikusten uzten bere gona beste bienetatik desberdina denez, eta lastozko txapela du soinean - hori ez da sardina saltzaileen berezitasun bat-, baina, beste maila sozialekoa dirudi. « Azcoitia »-n bezalaxe, Hélène-k Blanche ahizpari maila sozial eta jatorrizko nortasunaren ezaugarriak nahasten dizkio. Belaunikatua den emaztea oinetakorik ba ote du? Edo, arrantzaleak bezala oin hutsik al dago? Sardina saltzailea ote dea? Ez dugu sekula jakinen, ezen egileak ez baititu zalantza argitu lezaketen ezaugarriak irudikatzen. Marrazkilariak bere ahizpa sardina saltzaile gisa erakusten du, baina marrazkiak ematen dizkion trikimailu batzuen bidez duda puntu bat uzten du. Umorez beteriko obra honek adierazten du bidaiariak ez duela gehiago leku batetik pasatu nahi besterik gabe, eta bere nortasun aldaketa azkartu nahi duela. Beste zerbait ere erraten digu: marrazkiak maskarada hau, antzezpen hau egiteko parada ematen duela.

Azken litografia batek alteritatearen eta jatorrizko nortasunaren gaia adierazten du. Hélène Feillet-en "Costumes basques" [Euskal jantziak] gainditzeko gaitza den distantzia sozial eta kulturala erakusteko aitzakiaz, hurbiltasunaz ari zaigu. Genero hurbiltasuna hain zuzen: emazteen artekoa. Eszena Lapurdiko etxalde batean gertatzen da, non gurasoez eta bi haurrez, neska eta mutikoa, osatutako familia bat irudikatua den. Gizona igandeko jantzi tradizionalez jantzia dakusgu pipa eta makilarekin eskuan. Ibiltzera doa. Baserritik joaten da nahiz eta lanak bukatuak ez izan: hori da, lehen planoan ezkerrean, lurrean sartutako hiru zur taulek eta palak adierazten dutena. Emaztea, Hélène Feillet-rentzat jantziak zehazteko eta kolorezko bertsio desberdinak emateko aukera dena, artilea iruten eta haurrak zaintzen ari da. Urketa ere bere zeregina da eta etxe atarian pausatuak diren pegarra eta ferreta-ren bidez adierazia da. Gizon eta emazteen arteko lanen banaketa desorekatua azkartzeko mutikoa aita bezalako pipa batekin marraztu du, eta neskak ereiteko tresna darama gerrian, beren geroko biziaren adierazleak bailitzan. Hemen Hélène Feillet-ek ez du bere familia erakusten, baina emazteen patuaz ikuspegi enpatikoa -nahiz eta ironikoa izan- eskaintzen digu. Hélène eta emazte laborari lapurtarra gizatalde berekoak direla erraten digu.

"Provinces Basques illustrées" [Euskal Probintziak irudikatuak] bildumako estraktu hauekin, ahizpek topatzen zituzten jendeen berezitasunak irudikatzeko zuten urraspidea ikus dezakegu : janzkerak noski, baita haien bizileku, objektu eta herriko lanbide enblematikoak ere. Litografia hauek erosten dituzten bezeroek oso gustukoa dute herriaren irudi tipikoa ematen eta sustatzen duen hurbileko exotismo hori. Umorez, bi ahizpek bidaiariari bizi moduetan dagoen unibertsaltasuna erakusten diote ; eta bide bazterrean bertan aurki ditzakeen beste jendeekin harremanetan sartzeko deia luzatzen diote. Hortaz, bidaiari idealaren irudia eraikitzen dute.

(4) Sardina saltzaileak Hélène Feillet-en litografia bat inspiratu zuen 1850 urteetan, honako izenburuarekin : « Pêcheuses de Saint-Jean-de-Luz » (ikus beherago). Ber momentuan, C. Maurice-n litografia bat argitaratu zen gai horri buruz : « Bayonne, l’arrivée des Marchandes de sardines », « Un mois dans les Pyrénées, album de sites, mœurs et costumes des Hautes et Basses Pyrénées » bildumatik ateratua. Euskal kostaldeko sardina saltzailearen irudia usu erabilia izan da XIX. mendean sortzen diren aldizkari irudikatuetan, garai hartan garatzen ari zen exotismo, lekuko berezitasunen aldeko testuinguru batean. Aipa ditzagun adibidez, Museo de las familias (Madrid, 1850ko ekaina), Le magasin pittoresque (1861eko uztaila), Le Monde illustré (1862ko iraila) et El Museo universal (1865eko ekaina).

(5) Aipa dezagun hemen XIX. mende hasieran agertu zen ezagunena : Pécheux eta Lanté-ren « Journal des dames et des modèles »

(6) Makila udaberrian bizirik zizelkatu eta udazkenean moztutako mizpira adar batetatik egina da. Objektu pertsonala bat da, jabeari egokitutako apainketa eta lema bat daramana.


Bidaiari bilakatu

Bidaiariak Hennebutte argitalpenen bezeriaren zati bat dira. Charles Hennebutte-k 1851ean(7) « Guide du voyageur » bidaiariaren gida idatzi zuen honako sar-hitzarekin: 

"Bidaiariek gauza anitz ikusi eta ulertu nahi dute denbora gutxian. Horregatik, Baiona hiriburutzat duen Frantziako zati honi buruz dagoen hutsunea betetzea bururatu zaigu. Lekuak, eremu aski hertsi batean, Europako beste edozein lekutan aurki ez daitekeen leku ikusgarrien aniztasuna eskaintzen du: Itsasoa, Pirinio mendi lerroa, herri menditsua, eta biztanleen janzkera eta nortasunean nabarmentzen diren bizimodu eta ohitura bereziak. Horiek dira hain zuzen, atzerritarrak harritzen dituztenak".

Hitz aurrearen ondotik honako atalak agertzen dira: "Ingelesa, frantsesa, gaztelera hiztegi txikia"(8), "Frantses, espainiar eta ingeles moneten konparaketa taula", "Baionako historia", leku berezi batzuk aurkezteko orri zenbait (Biarrits[sic], Kanbo, Donibane Lohizune, Hondarribia, Pasaia, Donostia, eta abar), "Euskaldunei buruzko oharrak" bat François Faure-ren eskutik, baita Ulysse Darracq-en(9) "Gure inguruetako landaretzaren Notiza" bat, "Ibilbideak eta bisitatu behar diren lekuak" deituriko atal bat, hotel nagusien zerrenda, diligentzien ordutegiak, Biarritzeko itsasoko ur bero bainuen prezioak, Biarritzeko plano bat, eta azkenik mareen ordutegiak bainularientzat. Liburuaren aurkibideak bidaiariaren soslaia erakusten du: diruduna, historiaz eta lekuko berezitasunez interesatua -gizakiaren eta naturaren ikuspegietatik-, eta une horretan hasiko zen itsasoan bainatzeko lehen zaletuetakoa da(10).

Maiz gidak umorezko kontakizun baten moduan eskaintzen dizkio bere aholkuak bidaiari ikasleari. Hona hemen nola Charles-ek deskribatzen zuen Baionatik abiatzea:

"Espainiako atean diligentzia zerbitzu erregular bat bazen ; har ditzagun lekuak bulegoan (…) Ikusten al duzu esperientziarik gabeko bidaiari hori, gidari guziak bere gainera doazkio; batek jantzietatik tiraka, besteak besotik, beste batek sorbaldatik, eta beste batzuek haren puskak hartu eta ibilgailu desberdinetan sartzen dituzte, oihukatuz: « Jauna nerekin heldu dea? Ez, nerekin ». Bakoitza auzokoaren ibilgailuaz disgustatzera saiatzen da: zaldiek bide bazterrean utziko zaituztete; goizetik deus ez dute jan eta. Hots, burua galtzeko iskanbila".

Hau irakurririk, bidaiariak ez du bidaia arrunta eginen, baizik eta abentura umoretsua. Abisatua izanik, behar den distantzia hartuko du egoeraz irri egiteko -agian- eta pertsonaien eta egoeren xelebrekeriaz gozatzeko. Gidak, aholku praktikoak emateaz gain, bidaiariari jarrera bat eta izpiritu berria proposatzen dizkio. Jarrerak zehazten ditu eta bidaiaren ondotik hauek nola kontatu behar diren iradokitzen du. Honela, bidaiaren irudimen berezi bat sortzen laguntzen du.

Bidaiari izateko, lekuko tradizioaren modu batzuk barneratzeko gai izan behar da. Honela adierazten du Hélène Feillet-en "Le cacolet, environs de Bayonne" [Kakoleta, Baiona inguruan] litografiak. Pentsa genezake, beste behin, egileak bere senideak irudikatzen dituela. Biarritzeko itsas bazterretik zaldi bizkarrez doazen pertsonaiak Charles eta Blanche litezke. Gizonak begirada goxoa du bere ondoko emaztearentzat; honek irri nabarmena du. Bere begiek marrazkilariari so egiten diote. Irritsuak dira. Emazte honek marrazkilariarekin duen konplizitatea adierazten dute. Irudi honek, Blanche-k bere maitalearen begirada atsegin duela erakusten du, baita ibilbide horiek maitasun kontuetarako aproposak direla ere.

Bidaiariaren gida liburuko Charles-en testu batek ongi irudikatzen du zela bikoitz horren erabilpena:

"Antzina, kakoleta eta kakoletaria nagusi ziren Espainiako atean –erran behar da gainera, gehienetan, azken hau gaztea eta polita zela,- eta pixkanaka aulkidun orgak agertu ziren, baina hondarrean ibiltzeko zailtasunak zituzten. Hori bai egia, baina halere lehengoei nagusitu zitzaizkien (gaurko errepidea garai hartan ez baitzen egina). Biarrits [sic], herria zena, hamar urteren buruan abantzu hiri bilakatu zen. Errepide handi hura behar zuen. Gaur egun diligentziak, leku bakarreko eta gehiagoko zalgurdiak, kabrioletak eta omnibusa, ibilgailu ederrak eta besteak izengabeak, zaldi mehar eta soka zatiz osaturiko beren arnesekin, guzti horrek arrabots ikaragarria sortzen du eta uren aroan herriari bizi anitz ematen dio".

Hor dugu gida liburuaren beste funtzio bat : bidaiariari azken urteetan gertatutako aldaketen berri ematea. Nahiz eta kontrajarria izan, ezen herriaren garapena turismoari lotua baitzen, Charles-ek irakurleari denbora gutti lehenagoko herriaren irudi pribilegiatu bat eskaintzen dio. Diskurtso nostalgiko bat bereganatzeko aukera ematen dio, herriarekiko izanen duen hurbiltasuna azkartzeko. Lerro hauen idazleak irakurlea bidaiari arruntaren egoeratik ateratzen du. Diskurtsoa bere egina izanen duenean, aitzindari dela irudituko zaio irakurleari, alegia, beste guziak baino lehenago hor izan zela.

(7) Garai hartan bidaiatzeko gida-liburuak asmatu berriak ziren eta jadanik aipatu dugun Taylor eta Nodier-ena eta Arthur Young-en 1792 « Voyage en France » bidaia kontakizunengandik bereiztu behar dira. 1787 eta 1789 artean Arthur Young hiru aldiz bidaiatu zen Frantziara. Agronomo britainiarra izanik, laborantza teknikei buruzko informazioa biltzera joana zen.

(8) Garai hartan mintzatzen bazen ere, euskarak ez du turisten jakinminik sortzen, ezta ere garatzen ari zen ekonomia horren eragileen artean ere.

(9) Ulysse Darracq (1785-1872), farmazialaria, eta Baionako historia Naturalaren Museoaren sortzailea.

(10) Frantziako Dieppe eta Boulogne-kin batera, Biarritz lehen hiri balnearioetakoa zen.


Monumentuak ezagutu

Litografia, gida-liburu eta notiza historiko hauen argitaratzearen xedea eskualdearen berezitasunak ezagutaraztea da. Jadanik aipatu dugu folklorea zena, baina Feillet ahizpen lan nagusia, eta bereziki Blanche-rena, honek egiten baititu Charles Hennebutte-n argitalpenetako litografia gehienak, herri eta hirien irudikapena da, beren arkitekturekin eta paisaian kokaturik. "Guide du voyageur" gida-liburuko testu batek ongi adierazten du zein den bere emaztearen urraspidea:

"Deusek ez lezake herri bateko nortasuna sentiarazten, fisionomia erakusten, harridura sortzen, interesa sortzen, leku aipagarrien deskribapen zehatzak baino. Nahiz eta artistak leku hauek beren kolore biziengatik hautatu dituen, osotasun batean kokatuak dira, eta osotasun horri harmoniaz arkitektura obra baten erliebeak bezala lotzen zaizkio."

Harritzekoa da nola Blanche Hennebutte-n marrazki eta litografia askok xehetasunak eta osotasuna, dena batera, emateko gaitasuna duten. Gehienetan herriak eta hiriak urrunetik ikusiak dira. Orria alde batetik bestera zeharkatzen dute erditik. Nahiz eta urrun izan, arkitekturaren xehetasunak ikus daitezke: ezkila dorre baten forma, etxeetako leihoak, teilatu mota, eta abar. Goian, zeruak eta mendiek leku handia hartzen dute. Beherean, irudiaren lehen planoan, bidearen eremua dugu. Larreen artetik, osagaiak oso estilizatuak dira. Espazio hau, bidaiariaren eremua da.

Bidea eta zeruaren artean kokatuak, hiriek uharteak dirudite. Blanche-k lekua aurkitzen duen momentuan bezalaxe irudikatzen du, bidaiako gune garrantzitsua izanik. Hori da unea non begirada bakar batez hiri osoa ikus daitekeen eta bisita nola plazer esperantzak idekitzen. Irudiak aurkikuntza ezin hobeki oroitaraziko du, hortarako zedarri anitz emanez: hirietako monumentu nagusiak, nola ez, baita norberak segitu duen bidea, bide horrek oroitzapenak lehen pertsonan ezartzen dituelarik, geldiune hiria bidaiaren etapa bezala, paisaiak eta ibilbideak baldintzatzen dituzten mendiak. Gainera, mendi hauen bilakaera segitu ahal izan dugu ibilbidean zehar.

Noiz behinka Blanche Hennebutte-n marrazkiek kartografia kutsua dute: ikuspegi panoramikoa, gainetiko ikuspegiak bidaiaria erakutsiz eta hiri osoa erakustera emanez, eremu biziki zehaztuak, nahiz eta urrun izan. Donostiako marrazki andanaren artean batek urraspide ia entziklopedikoa du. Hernanirako bide bazterrean egina, hiri osoa eta bere inguruneak hartzen ditu.

Feillet ahizpek monumentuak beren lanetan integratzen dituzten bezalaxe Charles bisita gomendatzen duen guneen aurkezpen historikoari lotzen zaio. Hélène eta Blanche-k ber garrantzia ematen diote arkitektura baten, jantzi ikusgarrien eta garraio modu tradizionalen deskribapenari. Pasaian, Gipuzkoako portu bat, heien marrazki eta litografietarako leku kuttuna zena, Feillet ahizpek Isabel Gotorlekua eta Jondoni-Petri dorrearen irudikatzeari lotzen zaizkiete. Donibane Garazi ondoan, Baxe Nafarroan, Tenpluzainen gaztelu batek akuarelarako aitzakia ematen dio Hélène-i. Hondarribiako Sagarrondoko Andra Maria elizak (XV. eta XVI mendeak) biei eman die marrazteko gaia.

Hondarkinen irudikapenak Hélène-n obra erromantismoan kokatzen du, hots Ary Scheffer (1795-1858) bere bigarren maisuarengandik jaso duen eragina. Baina bi ahizpek monumentuak marrazteko duten joera, lekuak zehaztuz eta gune garrantzitsu bilakatuz, Monumentu Historikoen kontzeptuaren sortzearen garaian kokatzen da. Honela, Monumentu Historikoak lurraldeko aberastasun nagusi bilakatu dira eta turismorako baliabide bezala erabiltzeko bidean jartzen dira(11).

(11) Monumentu Historikoaren nozioa XIX. mendean agertu zen, bereziki iraultzaren ondotiko kaltetze ekintzei erantzunez. Bi ahizpak kontzeptu horrekin batera handitu ziren: 1830ean François Guizot-ek Monumentu Historikoetako ikuskari postua sortu zuen; 1840ean monumentuen lehen zerrenda osatu zen; 1851ean, Monumentu Historikoen Komisioak misio Heliografikoa sortu zuen, Monumentu Historikoak argazkitan hartzeko helburuarekin. Hemen maiz aipatzen dugun Taylor eta Nodier-en lana frantses ondare aberastasunen lehen katalogoa izan zen.


Aldaketen lekuko

Monumentu Historikoen aldeko interesak ez du arkitekturazko eraikuntza garaikideak irudikatzea oztopatzen. Charles Hennebutte-enean argitaratuko diren lan gehienak eginez, Blanche-k anitz marraztu zuen Biarritzen 1845 eta 1860 artean. Honela, arrantzale portu txiki bat XIX. mende erdiko hiri balneario ospetsuenetako bat nola bilakatu zen erakusten du, aldaketen lekuko izan baita(12). Udan Biarritzen egoten zen enperadore bikoteak eta berarekin Europa osotik zetozen gorte jendeek lekuaren bilakaeran zeregin handia izan zuten: Eugénie etxea 1855ean eraiki zen, gaur egun Santa Eugeniaren deritzon eliza ondoko urtean inauguratu zen, eta Napoleonen bainuak 1858an.

Eugénie de Montijo gazte zela Biarritzez maitemindu zen, non itsasoan bainatzeko ohitura jadanik garatua zen. Euskal kostaldean aspaldiko ohitura zen. “Baionako biztanleek, batzuetan Euskal herriko biztanleez lagundurik, aspaldian zuten ohitura uhainen artean, Biarritzeko haitzen artean bainatzera joateko”, idatzi zuen Alain Corbin-ek « Territoire du vide » deituriko lan batean. Lan horretan XVII. eta XIX. mendeen artean garatzen zen itsas bazterrarekiko desioaren historia ematen du. Gehitzen zuen: « Espainiako gerla denboran Baiona garrantzitsu bilakaturik, estazioa are gehiago modan jarri zen. 1808ko ekainean enperadorea bitan bainatu zen, baina lehenik bazterrak ikertzeko agindua eman zuen, ingelesen balizko eraso batetik gerizatzeko. Errolda monarkiaren garaian, hondartzaren itxura aldatu zen. Aspaldiko ohiturei batera ingeles fashion-a gehitu baizitzaien(13).

Itsasoan bainatzeak bere osasunaz kezkatzen den gero eta hiriko jende gehiago erakartzen zuen. Itsasoko ur hotz mugituak osasungarriak ziren. Charles Hennebutte-k badaki hortarako eskaera badela eta Thore Jauna zitatzen du:

"Gehienetan ur hotzek bizkortzen eta azkartzen dute. Ondorioz, odolaren mugimendua bizkortzen dute, sekrezioak errexten dituzte, eta solidoei bete behar dituzten lanetarako tonus eta indarra ematen diete. Horregatik da hain gomendagarria hiriko biztanleentzat eta bereziki bizi sedentarioa dutenentzat".

Eta Charles-k bere "Guide du voyageur" gida-liburuan eta "Description des environs de Bayonne" liburuan deskribatzen dituen bainu eszenak irringarrienetakoak dira. Honela dio:

"Goazen hondartzara, beha dezagun. Gizon hau, hain ederra lehen, ez al dirudi zizta batzuen gainean dabilela? Zergatik ematen ditu holako jauziak? Ez du ura gustuko. Segidan sartzeko ordez, goxoak ez diren sentsazioak luzatzen ditu. Zer darama bainulari horrek? Pakete uniforme bat. Ez, emazte bat da. Zer eginen du? Uhaina badator: bere zama uretara botatzen du, burua lehenik. Eta… Jainkoa, uhainak dena eraman du, gizona eta emaztea. Ustekabe horren ondotik emazteak aurpegi ezin txarragoa du (…) Baina zer ote da hori? Emaztea hondarrean ziloa egiten eta gizon gaixo hori leporaino oro lurperaturik, aterki batek eguzkitik babesten duela: horri hondar bainua deritzo".(14)

Idazki hauekin, irakurleari idurituko zaio gizarte goreneko jendeek soilik bizi dezaketen esperientzia ez ohikoa partekatzen duen talde batekoa dela. Beste behin, bidaiariari bere burua bertze modu batera esperimentatzeko gomita luzatzen dio. Kasu honetan, lehenago sekulan bizi izan ez diren sentsazio azkarren bidez egiten du. Blanche eta Hélène-n litografiak itsas bainu zale klase berri horren oroitzapen irudiak dira. Alabaina, Hélène-n biñeta bat izan ezik ez dituzte Charles-k deskribatzen dituen eszenak irudikatzen. Nork bere burua modu berri horretan inauguratzeko, garai hartako burgesen arteko moralaren araudiak urratu behar ziren, bere burua imintzioka erakutsi, esperientzia hura partekatzen duten besteen aitzinean. Charles-k deskribatzen duen egoera irrigarri hau, modan dagoen abentura berrienetakoa da. Itsas bazterrean bizi, partekatu, eta agian ezagutu. Ez du ordea hirietako saloietan lotsagarriak gerta litezkeen irudirik ematen. Feillet-Hennebutte bikoteak bere bezeroei modan den hiri baten oroitzapen irudiak eskaintzen dizkie; antolamendu inperialak prestigio erakusle eta itsasoaren indarra itsasoko bainuen onuren iradokizun. Blanche et Hélène ez dira karikaturan hartzen, adibidez itotzekotan dauden bainularien irudiak emanez.

"Ba al da gauza irrigarriagorik laborariz, jauntxo aberatsez, Errusiarrez, Ingelesez eta Espainiolez osatutako jendetza hori baino? Hain ditu denak uhainak lotsagarriki itzultzen eta iraultzen. Ez al da bainu ontzi erraldoi hori berdintasunaren irudia? "

Charles-k Biarritzeko itsas bainuek ematen duten alteritatearen esperientziari segida eman zion 1851an. Irakurlea ez da laborariarekin identifikatzen, baizik eta kosmopolitanismoaren ohitura duen maila goragoko kide batekin. Bigarren Inperioaren hastapenetan, Napoleon III-ak Errepublikari Frantzia kendu berri zionean, eta aldi berean berdintasun eta internazionalismoan oinarritutako ideal sozialistak sortzen direnean, Charles-n idatziek idazten ari den historiaren eta garapen politikoen hurbileko ikusle bilakatzen du bainu zalea, baina horietatik urruntzeko eta irri egiteko gaitasunarekin.

(12) Biarritzen itsasoan bainatzea XIX. mendeko bigarren zatian zabaldu zen, baina mende hasieratik jadanik praktikatzen zen.

(13) Ingalaterran sortu zen itsas bainuen ohitura, Alain Corbin-ek horrela aukezten duen testuinguru ideologiko batean: "Kuristen itsas hegietara oldea, 1750tik goiti ikus saitekeena, aspaldiko hertsura  baten laxatzeko helburuarekin egiten da; melankolia eta spleen-aren aurkako borroka taktikkoetarik da; baina hertsura berri batzuen kalmatzeko helburua badu ere, XVIII. mendean anpatzen aldizkatzen direnak goi-mailako klaseetan".

(14) Hondar bainuen pratika desgaertu egin bada, energetikoa zela zioten garaian. Biarritzeko bainu inspektorea zegioen Affre medikuaren 1872ko "Manuel du Baignant" [bainatzailearen esku-liburua] obran irakur daiteke, hondar bainuei buruz: « larruazala biziagitzen du, eta baldintza horietan errazago hartzen ditu hondarreko gatzak.".


Obra umezurtz bat? 

Euskal Herriko irakurketa eta ibilbideetan zehar, maiz Blanche et Hélène-n irudiak ikusi ditugu. Gehienetan zinadurarik ez zen ikusten, bai ordea lekuaren izena edo eszena irakurtzeko gako batzuk. Egia da, Hélène Feillet-k antzea baduela, baina ez da artista ospetsua. Eta bere ahizpak, Blanche, aski ongi marrazten du baina jeinu handirik gabe. Baina, haien izenen desagertzea obraren arrakastaren ordaina izan liteke. Obra, haiena baino gehiago, deskribatzen duen lekuena, horko jendeena da. Hélène eta Blanche-n obra ez da umezurtz, bai ordea betidanik sortzen aritu den irudimen baten umea.