Aldaketen lekuko

Monumentu Historikoen aldeko interesak ez du arkitekturazko eraikuntza garaikideak irudikatzea oztopatzen. Charles Hennebutte-enean argitaratuko diren lan gehienak eginez, Blanche-k anitz marraztu zuen Biarritzen 1845 eta 1860 artean. Honela, arrantzale portu txiki bat XIX. mende erdiko hiri balneario ospetsuenetako bat nola bilakatu zen erakusten du, aldaketen lekuko izan baita(12). Udan Biarritzen egoten zen enperadore bikoteak eta berarekin Europa osotik zetozen gorte jendeek lekuaren bilakaeran zeregin handia izan zuten: Eugénie etxea 1855ean eraiki zen, gaur egun Santa Eugeniaren deritzon eliza ondoko urtean inauguratu zen, eta Napoleonen bainuak 1858an.

Eugénie de Montijo gazte zela Biarritzez maitemindu zen, non itsasoan bainatzeko ohitura jadanik garatua zen. Euskal kostaldean aspaldiko ohitura zen. “Baionako biztanleek, batzuetan Euskal herriko biztanleez lagundurik, aspaldian zuten ohitura uhainen artean, Biarritzeko haitzen artean bainatzera joateko”, idatzi zuen Alain Corbin-ek « Territoire du vide » deituriko lan batean. Lan horretan XVII. eta XIX. mendeen artean garatzen zen itsas bazterrarekiko desioaren historia ematen du. Gehitzen zuen: « Espainiako gerla denboran Baiona garrantzitsu bilakaturik, estazioa are gehiago modan jarri zen. 1808ko ekainean enperadorea bitan bainatu zen, baina lehenik bazterrak ikertzeko agindua eman zuen, ingelesen balizko eraso batetik gerizatzeko. Errolda monarkiaren garaian, hondartzaren itxura aldatu zen. Aspaldiko ohiturei batera ingeles fashion-a gehitu baizitzaien(13).

Itsasoan bainatzeak bere osasunaz kezkatzen den gero eta hiriko jende gehiago erakartzen zuen. Itsasoko ur hotz mugituak osasungarriak ziren. Charles Hennebutte-k badaki hortarako eskaera badela eta Thore Jauna zitatzen du:

"Gehienetan ur hotzek bizkortzen eta azkartzen dute. Ondorioz, odolaren mugimendua bizkortzen dute, sekrezioak errexten dituzte, eta solidoei bete behar dituzten lanetarako tonus eta indarra ematen diete. Horregatik da hain gomendagarria hiriko biztanleentzat eta bereziki bizi sedentarioa dutenentzat".

Eta Charles-k bere "Guide du voyageur" gida-liburuan eta "Description des environs de Bayonne" liburuan deskribatzen dituen bainu eszenak irringarrienetakoak dira. Honela dio:

"Goazen hondartzara, beha dezagun. Gizon hau, hain ederra lehen, ez al dirudi zizta batzuen gainean dabilela? Zergatik ematen ditu holako jauziak? Ez du ura gustuko. Segidan sartzeko ordez, goxoak ez diren sentsazioak luzatzen ditu. Zer darama bainulari horrek? Pakete uniforme bat. Ez, emazte bat da. Zer eginen du? Uhaina badator: bere zama uretara botatzen du, burua lehenik. Eta… Jainkoa, uhainak dena eraman du, gizona eta emaztea. Ustekabe horren ondotik emazteak aurpegi ezin txarragoa du (…) Baina zer ote da hori? Emaztea hondarrean ziloa egiten eta gizon gaixo hori leporaino oro lurperaturik, aterki batek eguzkitik babesten duela: horri hondar bainua deritzo".(14)

Idazki hauekin, irakurleari idurituko zaio gizarte goreneko jendeek soilik bizi dezaketen esperientzia ez ohikoa partekatzen duen talde batekoa dela. Beste behin, bidaiariari bere burua bertze modu batera esperimentatzeko gomita luzatzen dio. Kasu honetan, lehenago sekulan bizi izan ez diren sentsazio azkarren bidez egiten du. Blanche eta Hélène-n litografiak itsas bainu zale klase berri horren oroitzapen irudiak dira. Alabaina, Hélène-n biñeta bat izan ezik ez dituzte Charles-k deskribatzen dituen eszenak irudikatzen. Nork bere burua modu berri horretan inauguratzeko, garai hartako burgesen arteko moralaren araudiak urratu behar ziren, bere burua imintzioka erakutsi, esperientzia hura partekatzen duten besteen aitzinean. Charles-k deskribatzen duen egoera irrigarri hau, modan dagoen abentura berrienetakoa da. Itsas bazterrean bizi, partekatu, eta agian ezagutu. Ez du ordea hirietako saloietan lotsagarriak gerta litezkeen irudirik ematen. Feillet-Hennebutte bikoteak bere bezeroei modan den hiri baten oroitzapen irudiak eskaintzen dizkie; antolamendu inperialak prestigio erakusle eta itsasoaren indarra itsasoko bainuen onuren iradokizun. Blanche et Hélène ez dira karikaturan hartzen, adibidez itotzekotan dauden bainularien irudiak emanez.

"Ba al da gauza irrigarriagorik laborariz, jauntxo aberatsez, Errusiarrez, Ingelesez eta Espainiolez osatutako jendetza hori baino? Hain ditu denak uhainak lotsagarriki itzultzen eta iraultzen. Ez al da bainu ontzi erraldoi hori berdintasunaren irudia? "

Charles-k Biarritzeko itsas bainuek ematen duten alteritatearen esperientziari segida eman zion 1851an. Irakurlea ez da laborariarekin identifikatzen, baizik eta kosmopolitanismoaren ohitura duen maila goragoko kide batekin. Bigarren Inperioaren hastapenetan, Napoleon III-ak Errepublikari Frantzia kendu berri zionean, eta aldi berean berdintasun eta internazionalismoan oinarritutako ideal sozialistak sortzen direnean, Charles-n idatziek idazten ari den historiaren eta garapen politikoen hurbileko ikusle bilakatzen du bainu zalea, baina horietatik urruntzeko eta irri egiteko gaitasunarekin.

(12) Biarritzen itsasoan bainatzea XIX. mendeko bigarren zatian zabaldu zen, baina mende hasieratik jadanik praktikatzen zen.

(13) Ingalaterran sortu zen itsas bainuen ohitura, Alain Corbin-ek horrela aukezten duen testuinguru ideologiko batean: "Kuristen itsas hegietara oldea, 1750tik goiti ikus saitekeena, aspaldiko hertsura  baten laxatzeko helburuarekin egiten da; melankolia eta spleen-aren aurkako borroka taktikkoetarik da; baina hertsura berri batzuen kalmatzeko helburua badu ere, XVIII. mendean anpatzen aldizkatzen direnak goi-mailako klaseetan".

(14) Hondar bainuen pratika desgaertu egin bada, energetikoa zela zioten garaian. Biarritzeko bainu inspektorea zegioen Affre medikuaren 1872ko "Manuel du Baignant" [bainatzailearen esku-liburua] obran irakur daiteke, hondar bainuei buruz: « larruazala biziagitzen du, eta baldintza horietan errazago hartzen ditu hondarreko gatzak.".