Bidaiari bilakatu
Bidaiariak Hennebutte argitalpenen bezeriaren zati bat dira. Charles Hennebutte-k 1851ean(7) « Guide du voyageur » bidaiariaren gida idatzi zuen honako sar-hitzarekin:
"Bidaiariek gauza anitz ikusi eta ulertu nahi dute denbora gutxian. Horregatik, Baiona hiriburutzat duen Frantziako zati honi buruz dagoen hutsunea betetzea bururatu zaigu. Lekuak, eremu aski hertsi batean, Europako beste edozein lekutan aurki ez daitekeen leku ikusgarrien aniztasuna eskaintzen du: Itsasoa, Pirinio mendi lerroa, herri menditsua, eta biztanleen janzkera eta nortasunean nabarmentzen diren bizimodu eta ohitura bereziak. Horiek dira hain zuzen, atzerritarrak harritzen dituztenak".
Hitz aurrearen ondotik honako atalak agertzen dira: "Ingelesa, frantsesa, gaztelera hiztegi txikia"(8), "Frantses, espainiar eta ingeles moneten konparaketa taula", "Baionako historia", leku berezi batzuk aurkezteko orri zenbait (Biarrits[sic], Kanbo, Donibane Lohizune, Hondarribia, Pasaia, Donostia, eta abar), "Euskaldunei buruzko oharrak" bat François Faure-ren eskutik, baita Ulysse Darracq-en(9) "Gure inguruetako landaretzaren Notiza" bat, "Ibilbideak eta bisitatu behar diren lekuak" deituriko atal bat, hotel nagusien zerrenda, diligentzien ordutegiak, Biarritzeko itsasoko ur bero bainuen prezioak, Biarritzeko plano bat, eta azkenik mareen ordutegiak bainularientzat. Liburuaren aurkibideak bidaiariaren soslaia erakusten du: diruduna, historiaz eta lekuko berezitasunez interesatua -gizakiaren eta naturaren ikuspegietatik-, eta une horretan hasiko zen itsasoan bainatzeko lehen zaletuetakoa da(10).
Maiz gidak umorezko kontakizun baten moduan eskaintzen dizkio bere aholkuak bidaiari ikasleari. Hona hemen nola Charles-ek deskribatzen zuen Baionatik abiatzea:
"Espainiako atean diligentzia zerbitzu erregular bat bazen ; har ditzagun lekuak bulegoan (…) Ikusten al duzu esperientziarik gabeko bidaiari hori, gidari guziak bere gainera doazkio; batek jantzietatik tiraka, besteak besotik, beste batek sorbaldatik, eta beste batzuek haren puskak hartu eta ibilgailu desberdinetan sartzen dituzte, oihukatuz: « Jauna nerekin heldu dea? Ez, nerekin ». Bakoitza auzokoaren ibilgailuaz disgustatzera saiatzen da: zaldiek bide bazterrean utziko zaituztete; goizetik deus ez dute jan eta. Hots, burua galtzeko iskanbila".
Hau irakurririk, bidaiariak ez du bidaia arrunta eginen, baizik eta abentura umoretsua. Abisatua izanik, behar den distantzia hartuko du egoeraz irri egiteko -agian- eta pertsonaien eta egoeren xelebrekeriaz gozatzeko. Gidak, aholku praktikoak emateaz gain, bidaiariari jarrera bat eta izpiritu berria proposatzen dizkio. Jarrerak zehazten ditu eta bidaiaren ondotik hauek nola kontatu behar diren iradokitzen du. Honela, bidaiaren irudimen berezi bat sortzen laguntzen du.
Bidaiari izateko, lekuko tradizioaren modu batzuk barneratzeko gai izan behar da. Honela adierazten du Hélène Feillet-en "Le cacolet, environs de Bayonne" [Kakoleta, Baiona inguruan] litografiak. Pentsa genezake, beste behin, egileak bere senideak irudikatzen dituela. Biarritzeko itsas bazterretik zaldi bizkarrez doazen pertsonaiak Charles eta Blanche litezke. Gizonak begirada goxoa du bere ondoko emaztearentzat; honek irri nabarmena du. Bere begiek marrazkilariari so egiten diote. Irritsuak dira. Emazte honek marrazkilariarekin duen konplizitatea adierazten dute. Irudi honek, Blanche-k bere maitalearen begirada atsegin duela erakusten du, baita ibilbide horiek maitasun kontuetarako aproposak direla ere.
Bidaiariaren gida liburuko Charles-en testu batek ongi irudikatzen du zela bikoitz horren erabilpena:
"Antzina, kakoleta eta kakoletaria nagusi ziren Espainiako atean –erran behar da gainera, gehienetan, azken hau gaztea eta polita zela,- eta pixkanaka aulkidun orgak agertu ziren, baina hondarrean ibiltzeko zailtasunak zituzten. Hori bai egia, baina halere lehengoei nagusitu zitzaizkien (gaurko errepidea garai hartan ez baitzen egina). Biarrits [sic], herria zena, hamar urteren buruan abantzu hiri bilakatu zen. Errepide handi hura behar zuen. Gaur egun diligentziak, leku bakarreko eta gehiagoko zalgurdiak, kabrioletak eta omnibusa, ibilgailu ederrak eta besteak izengabeak, zaldi mehar eta soka zatiz osaturiko beren arnesekin, guzti horrek arrabots ikaragarria sortzen du eta uren aroan herriari bizi anitz ematen dio".
Hor dugu gida liburuaren beste funtzio bat : bidaiariari azken urteetan gertatutako aldaketen berri ematea. Nahiz eta kontrajarria izan, ezen herriaren garapena turismoari lotua baitzen, Charles-ek irakurleari denbora gutti lehenagoko herriaren irudi pribilegiatu bat eskaintzen dio. Diskurtso nostalgiko bat bereganatzeko aukera ematen dio, herriarekiko izanen duen hurbiltasuna azkartzeko. Lerro hauen idazleak irakurlea bidaiari arruntaren egoeratik ateratzen du. Diskurtsoa bere egina izanen duenean, aitzindari dela irudituko zaio irakurleari, alegia, beste guziak baino lehenago hor izan zela.
(7) Garai hartan bidaiatzeko gida-liburuak asmatu berriak ziren eta jadanik aipatu dugun Taylor eta Nodier-ena eta Arthur Young-en 1792 « Voyage en France » bidaia kontakizunengandik bereiztu behar dira. 1787 eta 1789 artean Arthur Young hiru aldiz bidaiatu zen Frantziara. Agronomo britainiarra izanik, laborantza teknikei buruzko informazioa biltzera joana zen.
(8) Garai hartan mintzatzen bazen ere, euskarak ez du turisten jakinminik sortzen, ezta ere garatzen ari zen ekonomia horren eragileen artean ere.
(9) Ulysse Darracq (1785-1872), farmazialaria, eta Baionako historia Naturalaren Museoaren sortzailea.
(10) Frantziako Dieppe eta Boulogne-kin batera, Biarritz lehen hiri balnearioetakoa zen.