Familia enpresa bat

Hélène Feillet (1812-1889) eta Blanche Feillet-Hennebutte (1815-1886) artistek heien aita, Pierre Feillet, izan zuten maisu. Hélène-k Pariseko Saloian erakusketak egiten zituen 1836 eta 1848 artean, eta margolari ospetsua bilakaturik bere aitak zuzentzen zuen Baionako marrazki eskolako zuzendari izan zen, aitaren segida harturik. Baionan, luzaz ezaguna izan da “L’arrivée à Bayonne de M. le Duc et Mme la Duchesse d’Orléans” (Orléans-eko Duke eta Dukesa Baionara heltzen) (1839) margolanari esker: Euskal Museoko gela egonkorretan ikusgai den olioa oihal gainean. Blanche ez zen hain ospetsua eta litografietan espezializatu zen (paisaiak eta arkitektura irudiak). Bere ahizpak ere halakorik egiten zuen.

1840-1850 urteetan, ahizpak elkarrekin doaz Ipar eta Hego Euskal Herriko paisaiak, hiriak, herriak eta biztanleak ezagutzera. Ateraldi horietan ikusten dutena marrazten dute, lekuan berean. Zirrimarra horiek 1850 urteetan, Charles-Henri Hennebutte-enean agertuko ziren litografia batzuetarako oinarri izan ziren. Gizon hau, ahizpa gazteenaren senarra zena, Baionako inprimatzaile eta argitaratzailea zen. “Album des deux frontières”  (Bi mugetako albuma) deituriko bilduma Blanche-n litografiez osatua da eta Euskal Probintzietako, batik bat Lapurdi eta Gipuzkoako hiri eta monumentu aipagarriak erakusten ditu. Bilduma hau behin eta berriz berrargitaratua izan zen. Argitalpen horietako batean Charles-Henri Hennebutte-n testu bat gehitua izan zen, ohar historikoak eta lekuen deskribapena(1) eginez. Bi ahizpek elkarrekin « Description des environs de Bayonne » (Baiona inguruetako deskribapena ) eta « Guide du voyageur de Bayonne à Saint-Sébastien » (Bidaiariaren gida liburua Baionatik Donostiara) (1.irudia) lanetan parte hartu zuten. Lan hauetan Bi mugetako albumeko litografia batzuk hartzen dituzte. Irudi hauei, Charles-Henri Hennebutte-k testuak erantsi zizkien, gako historikoak, baita bizi moduari buruzko anekdotak emanez. Gainera, bidaiariari gomendioak ematen dizkio bere bizipenak partekatuz. Guztia Hélène Feillet-en lanez aberastua da, testuan bertan txertaturik, eta Charles-ek bere deskribapenetan ematen dituen bidaiaren ustekabeez gozatzeko gomitari irudia ematen diote.

Hennebutte bikotearen litografia eta argitalpen enpresa, zeinean Hélène-k esku hartzen duen, XIX. mendeko(2) Euskal Herriko turismoaren abiatzearen testuinguruan kokatzen da. Bikoteak, sortzen ari den turismo ekonomia batetik ateratzen ditu bere irabaziak. Charles-ek Baionatik pasatzen diren bidaiariei gida liburuak saltzen dizkie. Argitalpenak aholkuz josiak dira. Bestalde, atseginak egiten dira bidaia kontakizunen erretorika propio baten eredua eskaintzen dutelako. Eta azkenik, jendeak gustukoak ditu ere bidaia bukatzean oroitzapen objektu bilakatzen direlako.

Hélène, Blanche eta Charles gidak bilakatzen dira, eta beren bezeria burgesaren kode kulturalak ongi ezaguturik eta horietara egokiturik, eskaintzen zizkieten ikusmolde, arrangura eta aholkuak biziki preziatuak ziren. Euskal Herrian bizi arren, ez zituzten barnealdeko eta kostaldeko jendeen, laborarien, mendiko jendeen eta arrantzaleen bizi modu berak. Euskal kostaldera oporretara datozen burges eta aristokratak bezain urrun daude egoera hauetatik. XIX. mende hartan, hurbileko exotismoarentzako zaletasun handia piztu zen bidaiari, oporretan zetozen atzerritar, hirietako burges baita eskualdekoen artean ere. Hauek lekuko historia eta jantzien irudikapenak(3) atsegin zituzten. Haiei ere zuzenduak dira argitalpen hauek. 1851ko urrian, « Les Provinces Basques Illustrées, Vues et Costumes » (Euskal Probintziak Irudikatuak, Ikuspegiak eta Jantziak ) bildumaren lehen zenbakia jalgi zen. Hortan ere bi ahizpek parte hartu zuten. Berrogei zenbakitan argitaratu zen, hots bat edo bi astean, eta bildumentzako zegoen irrikari ihardesten zioten. Harpidetzen bidez, bi aldeak engaiatzen ziren, eta zaleak bilduma osoa eskuratzeko bermea zuen eta argitaratzaileari bere lanaren bideragarritasun ekonomikoa segurtatzen zion. 

(1) Datarik gabe, « Album des deux frontières » behin eta berriz argitaratua izan da eta argitalpen bakoitza desberdina da. Bi ale atxiki dira Baionako Euskal Museoan (E2233.0 eta 72.29.104.0) Carmen Garcia de Ysla-k eta François Faure-k emanik

(2) XVIII. mende bukaeran agertu zen litografia. Leuneko inprimatze teknika bat da, grabatura baino errazagoa, eta marrazkiak eskala handian erreproduzitzeko aukera ematen duena, prezio onean. 1820tik goiti modan jartzen diren bidaia kontakizunen bildumei irudiak ematen dizkie, hala nola Taylor Baroiaren eta Charles Nodier-en Voyages Pittoresques et romantiques dans l’ancienne France famatua. Argitalpen merkeagoak ahalbidetuz, litografia argitalpen turistikoetan nagusitu zen.

(3) Atlas-ak eta jantzi liburuak XVI. mendetik existitzen dira. Euskal Museoan, Venezzia-ko Enea Vico-ren (1523-1567) estanpatuak kontserbatzen dituzte. Horretan, Donibane Lohizuneko emazte jantziak erakusten dira. Tradizio hau asko garatu zen XVIII. mende erditsutan (artistek margolarientzako errepertorioak osatzen dituzte, bildumazaleentzako grabatuak izateko). Baina eskualdeko jantzien urrezko aroa 1820 eta 1840 artean kokatzen da.

Comments powered by CComment